Arte Ederren eraikinean eta Mariaren Bihotza parrokian hotelak jarri nahi dituztela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk ohartarazi du Arte Ederren eraikinean eta Sagueseko Mariaren Bihotza parrokian hotelak egiteko tramiteak oso aurreratuta daudela. Hori dela eta, Erdialdean eta Grosen hotel berrientzako lizentziak ez emateko eskatu du udal taldeak. Gainera, prozesu hauetan “gardentasun falta nabarmena” egon dela salatu dute.
Eneko Goia alkateak pasa den astean aurreratu zuenez, Donostiako Udala eta SADE akordio batera iristean daude Arte Ederren eraikina birgaitzeko. Proposamenak hotel bat jartzea aurreikusten du Horrez gain, Mariaren Bihotza parrokia hotel bihurtzeko tramitazioa aurrera doala dio EH Bilduk. Claret-Mariaren Bihotza eskolak aurreko urtean itxi zituen ateak, ikasle faltagatik, eta parrokia abuztuaren 31an itxiko dutela adierazi zuten. Groseko komunitate kristauaren azken urteetako asmoa auzoko aktibitate guztia San Ignazio parrokian zentralizatzea izan da, pandemiaren aurretik Ategorrietako Pio X parrokia itxi baitzuten.