Jarduera turistikoa duten bizilagunen komunitateak babesteko protokolo bat eskatu diote udalari eta Jaurlaritzari
Bi turista, Bulebarreko Turismo Bulegoko mapari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna) Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak ohar bat zabaldu du, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskaera bat egiteko: jarduera turistikoa duten bizilagunen komunitateak COVID-19aren aurrean babesteko protokolo bat nahi dute.
Alarma egoera bertan behera gelditu den arren, birusarekin kutsatzeko eta berragertze berriak gertatzeko aukeraz ohartarazi du auzo elkarteak. Konfinamenduaren arintzearen ondorioz, jarduera ekonomikoak abian jarri dituzte berriro, esaterako, jarduera turistikoak. Horrela, Parte Zaharrean Bizikoek azaldu dute askotariko esparruetan ezartzeko gomendio eta arauak sortu dituztela erakundeek, sektorialak, zein orokorrak. Segurtasun protokoloak eta praktika egokien gidak hainbat webgunetan kontsultatu daitezkeela gogoratu dute auzo elkartekoek.
Horren aurrean, gabezia bat antzeman dute Parte Zaharrekoek: ez dute aurkitu jarduera turistikoak dituzten bizilagunen komunitateen espazio komunak babesteko protokolorik. “Etxebizitza turistikoak, pentsioak, hotelak eta hostelak dauden komunitate askotan zerbitzu horietako erabiltzaileek eta bizilagunek elementu berak erabiltzen dituzte, besteak beste, txirrinak, eskailerak, igogailuak, eta ateetako eskutokiak”, azaldu dute.
Espazio horien segurtasuna bermatzeko araudiaren bila aritu badira ere, kritikatu dute ez dutela bat ere aurkitu. Sortu dituzten guztiak “etxe barrurako” direla gaineratu dute, hau da, zerbitzu horien barruko jarduera arautzen dutela soilik. “Ahaztu egin zaie gure eraikinetan gainerako bizilagunekin espazioak konpartitzen dituzten zerbitzu turistikoak daudela?”, bota dute galdera. Gainera, gogoratu dute espazio horietan bi edo hiru egunetik behin pertsona berriak pasatzen direla, eta horrek kutsatze arriskua areagotzen duela.
“Gabezia horren aurrean, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak ezagutu nahi ditu Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriak. Ez badute bat ere aurreikusi, bizilagunen komunitateetan COVID-19aren kutsadura arriskua txikitzeko neurriak modu urgentean ezartzeko eskatzen diegu”, egin diete eskakizuna bi erakundeei.

