Zuhaiztiko kiroldegiaren kudeaketa ez pribatizatzea eskatu dio EH Bilduk udalari
Uztailaren 7an amaitu zitzaion Fortuna Kirol Elkarteari Zuhaizti kiroldegia kudeatzeko kontzesioa, eta BPXport enpresak hartu du lekukoa. Reyes Carrere eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziek prentsaurreko bidez prozesuaren “gardentasun falta” eta Eneko Goiaren gobernuaren “kudeaketa eskasa” salatu dituzte.
Burutaranek kontzesio honen atzean “interes pribatuak” egon daitezkeela uste du, “lehiaketa publikorik gabe” egin delako. Bestalde, Carrerek Zuhaizti kiroldegiaren pribatizazioa salatu du, “hiri honetako kirol zerbitzu publikoen kudeaketa altxor preziatua” dela azpimarratuz.
Bigarren pribatizazioa
Hilabete gutxitan kirol instalakuntza publikoen bigarren pribatizazioa dela gehitu dute zinegotziek, Loiolako Erriberako kiroldegiaren kudeaketa BPXport enpresa pribatuak hartu zuelako. Azkenik, kirol zerbitzu publikoak udalak kudeatu behar dituela esan dute EH Bilduko ordezkariek, eta salbuespenetan irabazi asmorik gabeko erakundeek egin behar dutela diote, Fortuna Kirol Elkartearekin gertatzen zen moduan.