46 linea itzuli dadin eskatzeko elkarretaratzea egin eta autobus txiki bat eraiki dute Morlansen
Dbuseko murrizketak direla eta, Morlansek autobus gabe dirau. Izan ere, 46. Morlans linea ez dute berreskuratu oraindik. Hori dela eta, Morlanstarrak auzo elkarteak protesta antolatu du gaur arratsaldean Leire plazan. Auzoan autobusa “ezinbestekoa” dela aldarrikatu eta udalari linea berrezarri dezan eskatu diote.
Protestan adin guztietako pertsonak inplikatu dituzte. Haurrentzat, jaietako karroa aprobetxatu eta 46 autobusaren maketa txiki bat egin dute. Auzoko umeek euren buruak marraztu eta marrazkiak autobusean itsatsi dituzte. Egitasmo horren bitartez umeek ere autobusa nahi dutela aldarrikatu nahi zuten. Ondoren, elkarretaratzea egin dute bizilagunek, 46. linea itzultzeko beharrak plazaratuz.
Mugikortasuna, sozializazioa, berdintasuna
Morlanstarrak auzo elkarteko Ana Urrestarazu eta Ainhoa Galarzak azaldu dutenez, “mugikortasuna”, “sozializazioa” eta “berdintasuna” daude aldarrikapenaren oinarrian. Alegia, bizilagun guztien mugikortasuna —kotxea erabiltzeko aukerarik ez dutenena barne—, etxetik atera eta sozializatzeko eskubidea, eta aukera berdintasuna bermatzea, kolektibo zaurgarrienak ere kontuan izanda.
Auzo elkartetik aipatu dutenez, adineko pertsona asko bizi dira Morlansen, batik bat, goiko etxeetan. Are gehiago, hango bizilagun batzuek auzotik joateko erabakia hartu behar izan dute, mugikortasun arazoak direla eta, horietako askok autobusa erabiltzen baitzuten erosketak egin edo etxetik ateratzeko. Adineko bizilagun batek normaltasunerako itzulera hasi zenetik gutxitan atera dela kontatu du, hain zuzen ere autobusik ez izateak sortzen dizkion arazoak dela eta. Gainera, auzo elkarteak gogorarazi du Amara kaleko bizilagunei Morlansen emango dietela ostatu datozen hilabeteetan. “Bertako bizilagun asko adineko pertsonak dira, eta autobusik gabeko auzo batera ekartzeak ez du zentzurik”, azpimarratu du Urrestarazuk. Bestalde, auzoko beheko partean, etxebizitza sozialak ere badaude, eta horietako batzuetan mugikortasun arazoak dituzten pertsonak bizi dira, eta horien kasuan ere mugitzeko eskubidea murrizten dietela salatu dute auzo elkartetik.
Dena den, autobusik ez izateak bizilagun guztiengan du eragina. Izan ere, morlansen ez dago saltokirik, eta Jose Maria Salaberria kaleko dendak dira hurbilen daudenak. Galartzak azaldu duenez, goiko etxeetatik gertueneko saltokira kilometro bat dago, malda egoteaz gain. “Horrek ez die soilik goran bizi direnei eragiten. Kotxerik ez baduzu, eta erosketa pisutsua baduzu, egin beharreko distantzia handia da”, zioen beste bizilagun batek. Era berean, auzoko haur asko hiriko beste hainbat puntutan dauden eskolara doaz —Urbieta kaleko Amara Berrira, esaterako— eta autobusik ez izateak beraiei ere eragiten diela azpimarratu dute.
752 sinadura jaso dituzte
46. Morlans linea berreskuratzeko aldarrikapenak ez dira gaur hasi. Besteak beste, sinadura bilketa egin dute, eta 752 sinadura lortu dituzte dagoeneko.
Linea 2018. urtean jarri zuten martxan. Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak hainbatetan errepikatu dut linea defizitarioa dela. Hori dela eta, auzo elkartea hori berrezarriko ote ez duten beldur da. Baina euren helburua lortu arte borrokan jarraituko dutela azpimarratu Urrestarazuk.