"Taldeak gogotsu eta gosez daude"
Joan den astean hasi ziren gizonezkoen Eusko Label eta emakumeen Euskotren ligak, Galizian. Hasiera ona izan zen Kaiarriba Donostiarrak Arraun Elkarteko neska-mutilentzat. Neskak bigarren sailkatu ziren larunbatean zein igandean, eta postu horretan daude ere ligan. Mutilak hirugarren daude klasifikazioan, hemeretzi punturekin; igandeko estropadan bigarren izatea lortu zuten, Oriorengandik hamar ehunenekotara. Mikel Iradi eta Naroa Urkola Kaiarriba Donostiarra Arraun Elkarteko arraunlariek bizitako sentsazioez eta denboraldiko helburuez hitz egin dute.
Nola joan zen Galiziako estropada?
Naroa Urkola (N.U.): Lan txukuna egitea lortu genuen, batik bat, kontuan izanda konfinamendua dela eta ez dugula izan olatuetan ibiltzeko nahi adina denbora, eta Galiziako estropada eremua zaila dela. Izan ere, haizea altxatzen da eta horrek estropada eremua asko zikintzen du. Zailtasunak zailtasun, gustura atera ginen, ahalik eta posturik onenean geratu nahian.
Mikel Iradi (M.I.): Gorabeherak izan genituen. Lehenengo egunean kostatu zitzaigun erritmoa hartzea. Estropada aurrera joan ahala, gero eta sentsazio hobeak izan genituen. Bigarren egunean, aldiz, estropada hobeto planteatzen jakin genuela uste dut, emaitzean ikus daitekeen bezala.
Jendea joan zen animatzera?
N. U.: Lehengo urtekoarekin alderatuta, jende kopuru antzekoa zegoela esango nuke, bai. Hala ere, Coruñako estropada eremua ez dago oso gertu, eta beraz, hura ikustera joatea ez da erraza. Gainera, konfinamenduak ekarri dituen neurri zorrotzen ondorioz, eremua zintekin eta hesiekin mugatu zuten. Edozein kasutan, jendeak oso ondo errespetatu zuen dena, eta etorri zirenek maskarak jarri zituzten.
M. I.: Nik esango nuke orokorrean jende gutxiago etorri zela, eta askok, koronabirusa dela eta etxetik jarraitzea erabaki zutela. Bestalde, uste dut jarritako neurriak onak izan zirela, eta jendeak errespetu handia izan zuela.
Lehenengo estropadak izanik, nola ikusi zenuen taldea?
M. I.: Emozio asko izan genituen. Lehenengo estropadan, hasieran, urduritasun handia sentitu genuen. Ez genekien besteek zein maila emango zuten, ezta guk beraiekiko emango genuena ere. Bestalde, esango nuke ezinegona izan zela, bai guregan bai arerioengan nabarmendutako sentimendua. Honi buelta eman nahian, bigarren estropadan saiatu ginen burua hotz mantentzen, eta gure lana egiten. Uste dut azkenean taldean genuen konfiantzak lagundu zuela lortutako emaitza lortzen.
N. U.: Gu ere urduri geunden, Mikelek esan bezala, ez baikenuen gertuko erreferentziarik. Azken batean, ohikoa da bateletan, trainerilletan eta abarretan lehiatzea, eta beste taldeak nola doazen ikustea; aurten ez dugu halako ezer izan. Gainera, uretan lau aste izan ditugu soilik eta ez genekien nola moldatuko ginen estropada eremura. Hala ere, lehiatzeko gogoa ere bagenuen, baita talde bakoitza zein tokitan kokatzen zen ikusteko ere.
Itxialdiaren ondoren, uretara itzultzean, sentsazio onak berehala berreskuratu zenituzten?
N.U.: Itxialdiaren aurretik maila ona lortu genuen, eta bagenekien hori galdu genuela. Horregatik, antsietatea sortzen zigun pentsatzeak lau astetan prest egon behar genuela. Baina uste dut gure jarrera aproposa izan dela, eta antsietatea nahiko ondo kudeatu dugula. Gainera, lau astetan lan polita egitea lortu dugu. Hori dela eta, esango nuke iruditu zaigula konfinamenduak ez duela horrenbesteko kaltea eragin.
M.I.: Egunetik egunera joan gara. Sentsazioak berreskuratzeko prozesuan gorabeherak izan ditugu. Apurka-apurka, ontzia bateratzen zihoala nabaritu dugu, eta azkenean, badirudi maila jakin batera iristeko gai izan garela. Ez dakigu mailarik onena izango den, baina lortu dugu gutxienez.
Oro har, zein helburu duzue denboraldi honetan?
N. U.: Gure helburu nagusia lehengo urtekoa hobetzea izango da, eta entrenamendu bakoitzean zein asteburutako estropadetan gero eta hobeto ibiltzea. Alde horretatik, joan den urtean, hirugarren edo laugarren ibili ginen oro har, eta aurten, momentuz, bigarren izatea lortu dugu lehenengo asteburuan. Beraz, ondo hasi gara. Bestalde, nik uste dut gure arteko lehia oso irregularra izango dela, eta sorpresak izan daitezkeela. Ez nintzateke ausartuko esatera lehenengo estropadak Oriok irabazi dituelako hemendik aurrera ere beste guztiak berak irabaziko dituela, ezta Arraun Lagunak beti laugarren izango dela ere.
M.I.: Gure helburua ohorezko txandan sartzea da, eta, lortuz gero, mantentzea. Aurten ere maila oso altua izango dela badakigu, baina hori da bilatzen duguna.
Nola ikusten duzue taldea?
M.I: Gure entrenatzaileak esan bezala, gosez gaude. Goian lehian arituko diren taldeak zeintzuk diren jakinda, gu ere prest gaude ikusteko zein maila emateko gai garen.
N. U.: Taldea gogotsu ikusten dut, egiteko gai garena erakusteko gogoarekin.
HURRENGO ESTROPADA, ETXEAN
VIII. Caixabank estropada Kontxan egingo da larunbatean, Donostiarrak antolatuta. 2020ko denboraldian, Eusko Label eta Euskotren Ligetako hirugarren estropada izango da, beraz. Baina etxean arraun eginda eta anfitrioi izanagatik ere, Naroa Urkolak dio emaitza ona lortzeko ardura estropada honetan zein beste guztietan sentitzen dutela. «Etxekoa izanik bereziagoa da, bai, eta gure helburua bandera irabaztea izango da. Baina, esan bezala, helburu nagusia astez aste hobetzea da». Mikel Iradirentzat ere, etxeko estropada izanik, «beti» berezia izaten da. Horrela, «ondo egiteko nahia» azpimarratu du, ardura hori ez baita betebeharra, «nahia baizik». Aurtengoa, gainera, berezia izango da. Union Artesanaren 150. urteurrena dela eta, bi elkarteek hainbat egitasmo egingo dituzte elkarrekin larunbateko estropadan.