Serigrafiatutako arropa, tea eta musika izan dira 'Harrotu ileak' festako protagonistak
Bostak ez ziren eta dagoeneko musika entzuten zen Tabakalera inguruan. Nestor Basterretxea plazan ‘Harrotu ileak’ festa egin dute. “Aurtengoa informalagoa izaten ari da, koronabirusa dela eta ez baitago programa bat”, azaldu du Leire San Martin Tabakalerako Hezkuntza arduradun eta proiektuko koordinazioan dabilen hezitzaileetako batek. Mahai luze baten ondoan, hamar bat gazte kamisetak eta jertseak ari dira saltzen, aske hitza euskaraz eta arabieraz serigrafiatua zutenak. Eta, bide batez, ondo pasatzen ari dira. Tea ere eskaintzen diote bertaratzen denari, mentarekin eta gozoa, Marruekosen gehiengoaren jaioterrian eskaintzen den modukoa. Eta telebista pantaila batzuetan ikasturteko tailerren emaitzak ikusi daitezke.
Izan ere, Tabakaleran ibiltzen diren hainbat gazte migratzailek, zentroko Hezkuntza arloko langileek eta zenbait artistek osatzen dute ‘Harrotu ileak’. 2017tik, ikasturte oso batean zehar, askotariko kultura arloak oinarritzat hartzen dituzte, oro har kulturak eta zehazki Tabakalerak eskaini diezaieken horri buruz hausnartu eta ekintzak gauzatzeko, ikuspuntu partekatu batetik eta hainbat arlotako artistekin. Landutakoaren emaitza, urtero-urtero, ‘Harrotu ileak’ izeneko festan aurkezten da.
“Gaurko festa guretzat da zati batean, baina baita zuei zerbait eskaintzeko modu bat. Gainera ez dugu ezertan lanik egiten eta ez dugu ezer egiteko aukerarik. ‘Harrotu ileak’-ek behintzat denbora pasatzeko aukera bat ematen digu”, kontatu du Youssef Bourgine egitasmoan parte hartu duen gazte batek. Joan den urtean ere parte hartu bazuen ere, aurtengo esperientziatik azpimarratu du “jende berri asko ezagutzeko aukera eman” diola, eta “serigrafia egiten” ikasi duela.
Izan ere, serigrafia tailerrak izan dituzte ikasturte honetan ‘Harrotu ileak’-en egitasmoaren baitan. Zinema ere egin dute, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle eta zinemagileen laguntzaz. Eta dantza ere egin dute, kontakt-inprobisazio metodoen eta gorputz-adierazpeneko ariketen bitartez. “Aurten modu desberdin batean landu dugu. Gai bakar bat aukeratu eta ikasturte osoan landu ordez, tailer motzetan askotariko gaiak landu ditugu”, azaldu du San Martinek. Jasotako diru laguntza batek eragin du planteamendu aldaketa eta, aldi berean, “talde barruan norabide aldaketak” bultzatu ditu. Koronabirusagatik baino, norabide aldaketa horrek berak, baita beste hainbat egoerak, askotariko krisiak bultzatu dituzte. “Urte mugitua izan da, baina ontzat jotzen dut nik. Beti etortzen den talde finko bat izatea lortu dugu, eta eurak indarra erakutsi dute. Horri esker, gaur egiten ari garen hau beraiekin erabaki eta antolatu ahal izan dugu”, azaldu du San Martinek. Gainera, ‘Harrotu ileak’-en parte hartzen duten hainbat gaztek Darkum izeneko elkarte bat sortu dute. “Elkarte hori sortzeko arrazoi eta hausnarketa asko izan dira, baina ‘harrotu ileak’-en egindakoek ere eragina izan dute. Eta nik uste dut hori oso ona dela. Momentuz, gazteek bietan parte hartzen jarraituko dutela ulertzen dut. Orain sinergiak nola bilatu ditzakegun aztertu beharko dugu”.
Joseba Parron argazkilaria festan izan da. Berak ateratako argazkiekin irudi galeria osatu dugu: