Donostiarrak Euskotren ligako lehen bandera eta denboraldiko bigarrena lortu du
Ezustekoa eman du Donostiarrak Zierbenako estropadan, Euskotren ligako laugarren jardunaldian. Orio liderra gainditzea lortu dute estropada lehiatuan, eta denboraldiko lehen bandera astindu dute. Arraun Lagunak hirugarren sailkatu da, eta ez dute atzokoa bezain estropada ona egin. Eusko Label ligan, berriz, Hondarribiak sasoiko lehen bandera irabazi du eta Donostiarra bosgarren izan da. Igor Makazagak gidaturiko mutilek ezin izan dute atzoko erakustaldia errepikatu.
Estropada ona eta denbora hobea lortu du Donostiarrak (10:50). Bi segundo atera dizkio Orio bigarren sailkatuari. Arraun Lagunak izan da hirugarren (11:05), eta ez dute banderaren lehian sartzeko aukerarik izan. Gutxienez, laugarren izan den Hondarribiaren aurretik geratu dira. Sailkapen nagusian, Oriok jarraitzen du lehen tokian 15 punturekin, Donostiarra bigarren 11 punturekin, eta berdinduta daude 7 punturekin Arraun Lagunak eta Hondarribia, hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren.
Eusko Label ligako lehian, lehen txanda irabazi duen Hondarribiak eskuratu du bandera. Hirugarren txandan aritu da Donostiarra, eta bigarren denbora onena egin du Santurtziren atzetik. Dena dela, estropadako sailkapenean bosgarren tokian geratu dira. Sailkapen nagusian, Santurtzi da liderra 43 punturekin, eta Donostiarrak koxka bat egin du gora. Bigarren tokian daude orain 39 punturekin.