"Hauteskunderik ez litzateke egin beharko pandemia egoera batean"
Halabeharrez bozkatu dute posta bidez, oporretara joan ahal izateko. Logroñokoa da Caro eta Egia auzokoa Saenz. Beraien ustez ez zen hauteskundeak egiteko momentua.
Hauteskunde egunean oporretan zaudete. Horrela tokatu delako edo zuek nahi izan duzuelako?
Marisol Caro: Normalean oporrak ekainean izaten ditut, baina koronabirusaren ondorioz atzeratu behar izan ditugu. Batez ere, ez genekielako erkidegoko muga noiz pasa ahal izango genuen. Aste honetan jarri zizkiguten oporrak, eta ezin ziren aldatu.
Mikel Saenz: Autonomoa naiz, eta Marisolek hartzen dituen opor egun berberak hartzen ditut nik ere. Nire kasua nahi izan dudalako da, jakina, oporretarako Marisoli aste hau proposatu ziotelako COVID-19a zela eta.
Posta bidez bozkatu duzue, oporretara lasai joan ahal izateko. Lehen aldia da?
M.S.: Ez da lehen aldia posta bidez bozkatzen dugula. Aurreko hiru edo lau hauteskundetan ere horrela bozkatu genuen, Donostian egon arren. Aurten, kanpora joan garenez, arrazoi on bat genuen aukera hori erabiltzeko.
M.C.: Gutxigatik, baina bozkatzea lortu dugu. Correoseko zerbitzuak atzerapen handiarekin funtzionatzen du.
Hauteskunde bereziak dira, pandemia baten erdian. Zein iritzi duzue horren inguruan?
M.C.: Hauteskunderik ez litzateke egin beharko pandemia egoera batean. Presaka ibiltzea ez da ona.
M.S.: Nire susmoa da korrika eta presaka antolatu dituztela hauteskunde hauek. Lehen unetik zirudien Eusko Jaurlaritzak bai ala bai antolatu nahi zituela. Azken kutsatze kasuak ikusita, uste dut komeni zela egoera berezi hau pasa osterako uztea hauteskundeak.
COVID-19aren ondorioz, badirudi parte hartzea asko jaitsiko dela. Normala iruditzen zaizue?
M.S.: Bai, normala da partaidetza jaistea. Jende asko beldurtuta dago pandemiarekin. Helduak ez ezik, beraiekin bizi direnek ere beldurra dute kutsatzeko. Ikusten ari gara lagun eta familien arteko bilera zein ospakizunetan sortzen ari direla kutsatze kasu berriak. Hauteskunde egunean ilarak sortzen dira, eta jendeak ez ditu beti segurtasun arauak betetzen.
M.C.: Niri ere normala iruditzen zait, batez ere, azken albisteak ikusita. Donostian egongo banintz gaur, bozkatu gabe geratuko nintzateke. Bestela, ordu seguru batean joan nintzateke botoa ematera.