"Normala iruditzen zait koronabirusarengatik posta bidezko boto eskaerak gora egin izana"
Hainbatetan eman du botoa posta bidez Irati Gonzalezek (Intxaurrondo, 1985). COVID-19aren eraginez eskaera kopuruak nabarmen egin du gora –Gipuzkoan 32.074 eskaera–.
Posta bidezko botoa ematea erabaki duzu. Lehen aldia da?
Ez, aurretik beste hauteskunde batzuetarako eskatu izan dut. Oraingoan eskatzea erabaki nuen ez nekielako hilaren 12an Donostian izango nintzen edo ez.
Nolakoa izan da prozesua?
Ohikoa. Etxetik gertuen dudan Correosen bulegora joan nintzen posta bidezko boto eskaera egitera. Dena dela, egunak pasa ziren eta etxean ez nuen abisurik jaso. Akaso hauteskundeetako propagandarekin nahastu zen, eta orri hori galdu nuen.
Dena dela, botoa emateko aukera izan duzu, ezta?
Bai. Aste honetan nire ohiko bulegora joan nintzen gertatu zena argitzeko, eta esan zidaten han zegoela nire abisua eta botoa emateko aukera. Bulegoan jende gutxi zegoenez momentuan bertan utzi zidaten botoa ematen. Ondoren, ziurtagiria eman zidaten. Egia esan, erosoa izan zen.
Hauteskunde hauetan posta bidezko parte hartzeak gora egin du COVID-19aren eraginez. Ez da zure kasua.
Ez, nik ez dut posta bidezko aukera arrazoi horregatik aukeratu. Normala iruditzen zait koronabirusarengatik posta bidezko boto eskaerak gora egin izana. Jendeak pilaketak saihestu nahiko ditu, beldurragatik eta segurtasunagatik. Era berean, botoa ematea beste batzuetan baino prozesu motelagoa izango da.


