Etxadiko kiroldegia itxi dute, koronabirus kasu batengatik
Aieteko Etxadi kiroldegia oso-osorik itxi dute gaur goizean. Izan ere, koronabirusak kutsatutako langile bat atzeman dute, kiroldegian lanean aritzen den azpikontratazio enpresa batekoa. Dirudienez, kiroldegitik kanpo kutsatu zen langilea, izan ere, kiroldegiarekin zerikusirik ez duen positibo emandako pertsona batekin izan baitzuen kontaktua.
Enpresak atzo gauean eman zion udalari atzemandako kasuaren berri, eta Donostia Kirolak dagokion protokoloa aktibatu zuen, kiroldegia itxi eta Eusko Jaurlaritzako osasun agintariekin harremanetan jarrita. Protokoloa jarraituz, espazio guztiak garbitu eta kiroldegia modu berezian desinfektatuko dute. Era berean, instalazioko langile guztiei —berezkoei zein azpikontratatutako enpresetakoei— PCR testak egingo dizkiete, betiere positibo eman duen langilearekin zuzeneko kontaktua izan badute, eta maskararik ez bazeramaten. Etxadiko kiroldegiko erabiltzaileei dagokienez, udalak esan du momentuz “ez dela uste” testak egin beharko zaizkienik.