Irisgarritasunean oinarrituriko webgune bat aurkeztu du Donostiako Turismo sailak
Donostia Turismoak irisgarritasunean oinarrituriko informazio tresna berri bat sortu du: https://accessibility.sansebastianturismoa.eus/eu/ webgunea. Oztoporik gabeko turismoa bermatzea eta pertsona guztientzako helmuga irisgarria izatea du helburu. Datozen hilabeteetan hazten joango den egitasmoa dela adierazi dute.
“Turismo irisgarriaren gero eta eskari handiagoa dago, populazioa zahartzen ari delako. Era berean, aisialdi eta turismo jardueretan geroz eta gehiago ari dira aintzat hartzen dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta adinekoak. Gainera, horrek lagundu dezake turismoa desestazionalizatzen”, azaldu du Turismo zinegotzi Cristina Lagek.
Webgunean informazio berezitua topa daiteke: bidaia nola antolatu, nola iritsi, nola lekualdatu, zer egin, zer bisitatu, oinezkoen ibilbide irisgarriak, intereseko zerbitzuak eta funtsezko bestelako informazioa bidaia diseinatu eta hiritik ibili ahal izateko. Bestalde, hiriko baliabide nagusiak erakusten ditu atariak, haien ezaugarriak barne: irisgarritasun fisikoa, entzumenezkoa eta ikusmenezkoa.
Proiektua garatzeko, Accesible for Allen laguntza izan du Donostia Turismoak. Irisgarritasunean, eta, bereziki, irisgarritasun turistikoan espezializatutako enpresen kolektibo bat da.