San Martin kalea itxi eta Easo kalea irekiko dituzte asteazkenean, metroaren lanak direla eta
Udalak baieztatu du asteazkenean itxiko dutela San Martin kaleko zati bat—Urbieta eta Hondarribia kale bitartekoa—, metroko lanak direla eta. Horrek eragina izango du Erdialdeko zirkulazioan. Izan ere, itxita egon den Easo kaleko zatia —San Martin eta Zubieta kale bitartekoa —irekiko dute berriro, eta San Martingo trafikoa hortik desbideratuko da, besteak beste, garraio publikoa, taxiak eta ibilgailu pribatuak. Dbusen zerbitzuetan aldaketak egingo dituzte, Artzain Ona-San Martin geltokiak lekuz aldatuta.
Ibilgailu pribatuak Easo kaletik ibili ahal izango dira, eta Kontxako eta San Martineko aparkalekutara, zein aparkaleku pribatutara sarbideak irekiko dira erabiltzaile guztientzat. Dena den, udalak iragarri du trafikoa kontrolatuko dutela, auto pilaketak eta ilarak saihestu eta garraio publikoak ondo funtzionatu dezan bermatzeko. Izan ere, San Martzial kalera arte, bi errei izango dira zabalik, baina hortik aurrera, errei bakarra.
Pilaketek edo ilarek autobusari traba egiten diotenetan, aparkaleku horietara egoiliarrak soilik igaro ahalko dira. Horretarako, bereizgarri bat erakutsi beharko dute, aldez aurretik eskatu beharko dutena. Udal-aparkalekuen kasuan, baimena aparkalekuan bertan eskuratu ahal izango da; aparkaleku pribatuen kasuan, udaleko mugikortasun departamentura jo beharko dute, betiere plazaren jabetza justifikatuta. Erabiltzaile bakoitzak asko jota bi bereizgarri eskatu ahal izango ditu aparkatzeko plaza bakoitzeko.