Tigre eltxoaren aurkako kanpaina abiatu du udalak
Donostiako Udalak izurritetzat du tigre eltxoa, eta espezie inbaditzaile horren populazioa kontrolatzeko kanpaina abiatu du. Udalak lau kontrolgune jarri zituen iaz, baina aurten hamalau jarri ditu, eta hamabost egunean behin egingo ditu laginketak.
Arbiak izeneko tranpa moduko batzuk jarri ditu udalak hiriko hamalau puntutan. Urez betetzen dituzten 300 mililitroko potoak dira tranpa horiek, uretatik ateratzen den ohol txiki batekin; tigre eltxoek ohol horretan jartzen dituzte arrautzak. Horrela, hiria bi zatitan banatu dute, bakoitzean zazpi kontrolgune jarrita: aste bakoitietan mendebaldean egingo dituzte laginketak –Mentxu Gal parkean, Costa Vasca hotelaren inguruan, Berioko autokarabanen aparkalekuan, Garbigunean, Hipodromoaren inguruan, Ospitaleetan eta Aitzol parkean–, eta aste bikoitietan ekialdean arituko dira laginak hartzen –Santa Katalina plazan, Jai Alain, Bidebieta parkean, Txomiñenen, Loiolako Atari Eder plazan, Karmengo Ama Birjina kalean eta Egiako parkean–. Halaber, Enrique Ramos Osasun Publikoko zinegotziak gogoratu du tigre eltxoaren foku bat ikusiz gero, herritarrek Udaleko Osasun Publikoko Zerbitzuari jakinarazi behar diotela, izurritea kontrolatu ahal izateko.
Tigre eltxoaren berezitasunak
Eltxo gehienek arrautzak uretan jartzen dituzten bitartean, tigre eltxoak uraren mailatik gora edo urarekin kontaktuan egondako eremu lehorretan jartzen dituzte arrautzak. Horrela, arrainengandik eta bestelako harrapakariengandik urruntzen dituzte arrautzak, eta beroarekin eklosionatu egiten dira. Horregatik, izurrite bihurtzeko arriskua altuagoa da.
Emeek egiten dituzte ziztadak, eta egun osoan zehar aktibo badaude ere, egunsentia eta iluntzea dira euren une aktiboenak. Emeak arrak baino txikiagoak dira, eta kolore ilunekoak dira, toraxean marra zuri batzuk dituztelarik.