Irailerako Dbusen autobus linea guztien zerbitzua berrezartzea aurreikusten du udalak
Donostiako Udalak Dbusen eskaintza pixkanaka berreskuratzeko asmoarekin jarraitzen du, zerbitzua hobetzeko eta koronabirusaren aurreko egoerara itzultzeko. Hori dela eta, irailerako autobus linea guztien jatorrizko eskaintza berrezartzea espero dutela esan du Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak. Abuztua hasieran hainbat hobekuntza egingo dituzte, maiztasunak berrekuratuz eta autobus linea bat berriz abian jarrita.
“COVID-19a baino lehenagoko erabiltzaileen %60-65 inguru dago. Oso datu positiboa da eta Donostiako herritarrek garraio publikoaren alde egindako apustu garbia erakusten du”, azaldu du Aranak. Horren ildotik, Eneko Goia alkateak adierazi du Dbusen zerbitzuen %80 dagoeneko abian dagoela. “Estatu mailan eskaria ondoen berreskuratu den hiria da gurea”, esan du Aranak.
Abuztuaren 1etik aurrera, 46. Morlans autobus linea berrezarri, eta egun osoko zerbitzua eskainiko dute 21. Mutualitateak-Anoeta, 38. Trintxerpe-Altza-Molinao eta 42. Aldapa-Egia lineek. Aldiz, abuztuaren 2tik aurrera, 31. Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza linea igande eta jaiegunetan ere zerbitzua izango du, eta asteko egun guztietan eskainiko du. Era berean, 19. Aiete-Bera Bera lineak igande eta jaiegunetan erabilgarri egongo dira, hogei minuturoko maiztasunarekin. Horrez gain, hainbat lineatako lehen eta azken irteerak areagotu egingo dira auzoetako zerbitzua zabaltzeko, eta gaueko zerbitzua orain arte bezala mantenduko da. 39. Urgull autobus lineak ez du zerbitzurik eskainiko udan.
Ikasturte berriarekin batera, Dbusen zerbitzua pandemiaren aurrekoaren antzeko eskaintzara itzuliko dela adierazi du Aranak. Irailean jarriko dute berriz ere abian 43. Anoeta-Igara linea, eta 26. Amara-Martutene linea 27 Industrialdean eskaintzen duen zerbitzua berreskuratuko du.