Udal langileek etxetik lan egiteko aukera izango dute
Donostiako Udal Gobernuak onartu du abian jartzea udal langileek etxetik lan egiteko programa pilotua. Sei hilabeteko iraupena izango du eta urtebetez luzatu ahal izango da. Aldez aurretik abisatuta, modu presentzialera itzultzea adostu ahalko da.
“Udalak ematen dituen zerbitzuen eraginkortasuna handiagoa izatea du helburu, teknologia berriak erabilita lana hobeto antolatuz”, adierazi du Eneko Goia alkateak. Era berean, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiten ere laguntzea, lanean gogobetetze eta motibazio maila handiagoa lortzeko.
“Programa borondatezkoa izango da eta lan talde baten barruan adostu da”, azaldu du Goiak. Udal ordezkariek eta Udaleko Langile Batzordean ordezkaritza duten atal sindikaleko kideek osatzen dute lan taldea. “Parte hartu nahi duten udal langileek zerbitzu aktiboan egin beharko dute programak irauten duen bitartean, eta beteko duen lanpostuan gutxienez urte bat betea izan behar du”.
Programan parte hartuko duten langileek gehienez astean hiru egunez zerbitzua modu ez-presentzialean emango dute, eta gainerako egunetan modu presentzialean eta ohiko lan-ordutegian lan egingo dute. Behin programa pilotua amaituta, parte hartu duten langileak aurrez esleitua zuten lanaldi presentzialera itzuliko dira. Horrekin batera, udalak emaitzak aztertuko ditu, eta esperientzia ontzat jotzen bada telelana arautu ahako da.