EHUk langileen eta ikasleen posta elektronikoaren zerbitzua pribatizatu nahi duela salatu dute
Pribatizazioari Stop plataformak agerraldia egin du gaur Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako kanpusean. “Zuzendaritza aspalditik unibertsitateko hainbat oinarrizko zerbitzu pribatizatzen ari da. Horien artean, Informazio eta Komunikazio Teknologien zerbitzua, posta elektronikoak kudeatzeaz arduratzen dena”, salatu dute. EHUko zuzendaritzak langileen eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365-era migratu nahi ditu, “erabiltzaileei beste aukerarik eman gabe”.
“Komunitate horren parte diren hainbat pertsonak Pribatzazioari Stop Plataforma sortzea erabaki genuen proiektu horren ondorioez kezkatuta: datu pertsonalak, proiektu eta ikerketen emaitzak enpresa pribatuen esku uztea; multnazional baten produktuekiko menpekotasuna; EHUren izaera publikoaren galera, eta EHUren dirua azpikontratazioetan xahutzea”, azaldu dute. Pasa den ekainean sinadurak biltzen hasi ziren, eta dagoeneko plataformaren adierazpenak 700 atxikimendu baino gehiago jaso ditu. “Unibertsitateko langile, ikasle eta sindikatu, eta norbanako zein elkarteen atxikimenduak dira”.
EHUko errektoreari ondorengo eskaerak egin dizkiote gaurko agerraldian: “Gure datu pertsonalak enpresa pribatu baten esku ez uztea, IKTen kudeaketan pribatizazioa baztertzea eta software librearen alde benetako konpromisoa hartzea. EHUko zuzendaritzak gure eskakizunei emango dien erantzunen zain geratzen gara. Erantzun horiek ez genituzke hitzez jaso nahi baizik eta gure eskaeren alde egiten duten ekintzez”.