"Donostiako Udalak gure ahotsak isilarazteko hartutako erabakia salatzen dugu"
Zurriolako hondartzan protesta egiten ari diren sorosleek agerraldia egin dute Donostiako Udalaren jarrera salatzeko. Astelehenean, hainbat udaltzainek protestarako erabiltzen ari ziren mahaia eta eguzkitakoak kendu zizkieten. Asteartean, berriz, aldarrikapenak jasotzen zituen pankartak kentzeko eskatu zieten, eta horri uko egiteagatik isuna jarri zieten sorosleei.
“Hondartzetako sorosleok Donostiako Udalak gure ahotsak isilarazteko hartutako erabakia salatzen dugu, baita ere askatasunez manifestatzeko gure eskubidea urratu izana”, adierazi dute ELA sindikatuaren egoitzan egindako prentsaurrekoan. “Udalari eskatzen diogu sinatutako akordioa betetzeko, eta baldintza agirian subrogazioa behingoz bermatzeko. BPXport enpresari, berriz, eskatzen diogu kaleratutako langileak berriz kontratatzeko eta langile guztiak aldizkako langile finko gisa hartzeko”, gaineratu dute.
Akordioa ez da betetzen
Greban aritu ostean, 2018an hondartzetako langileen subrogazioa bermatzeko akordioa lortu zuten, baina Donostiakoa da udal bakarra adosturikoa betetzen ez duena. BPXport enpresa azpikontratatua da hiriko hondartzetako langileak kudeatzen dituena. Udalak eta enpresak ez dituzte lan baldintzak betetzen.
Hori dela eta, ekainaren 15ean hainbat soroslek greba berri bat egitea erabaki zuten. Ordutik, hilabete luze daramate beraien egoera salatzen Zurriolako hondartzan, egunero, 8:00etatik 22:00etara. Protesta ikusarazteko eragozpenik ez dute izan uztailaren 13an udaltzainen bisita jaso zuten arte.
Osoigo atarian Donostiako Udalak erantzuteko galdera bat erregistratu zuten, eta dagoeneko 305 pertsonek babestu dute.