Elkartasuna bultzatzeko, konponbide bat nahi dute
Euskal preso politikoen senideei laguntza ekonomikoa emateko, mahai bat jartzen dute larunbatero San Jeronimo kalean. Poliziarekin izandako bi gatazka direla eta, udalari konponbide bat eskatu diote.
Udaltzaingoak hiru pertsona identifikatu zituen joan den larunbatean,
euskal preso politikoen senideei laguntza ekonomikoa emateko mahaia jartzeagatik. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Azken 30 urteetan, euskal preso politikoen senideei laguntza ekonomikoa emateko mahai bat jarri dute hainbat auzotarrek San Jeronimo kalean. Askotariko materiala saldu, eta lan boluntarioaren bitartez astero-astero Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetara bisitan joaten diren senideen premiei erantzutea da egitasmoaren helburua. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoa hasi zutenetik 1.400 aldiz jarri dute mahaia, «inolako arazorik gabe», baina joan den iraileko Kontxako Banderaren egunean, Udaltzaingoak 200 euroko isuna jarri zien, igandeetan mahaia jartzeko baimenik ez zegoela argudiatuta.
Joan den larunbatean ere Udaltzaingoa joan zitzaien, baimena ez zutela eta, dena jaso eta alde egin behar zutela esanez. «Iraileko isuna mahaia igandean jartzeagatik izan zela esan genien, baina larunbatean posible zela. Alferrik. Hiru lagun identifikatu zituzten, eta bederatzi udaltzain han bildu ondoren, alde egiteko edo dena konfiskatuko zigutela esanez, mehatxuz, handik bota gintuzten», azaldu dute.
Konponbide bila
Gertatutakoaren ondoren, konponbide bat bilatu eta «elkartasun egitasmoa» normaltasunez egin ahal izateko, udalera jo dute, eta Eneko Goia alkateari bilera bat egiteko eskatu diote. «Ez dugu arazorik, nahi, ezta pribilegiorik ere. Euskal preso politikoen senideen alde dirua biltzen jarraitu nahi dugu, elkartasun hori ezinbestekoa baita», gaineratu dute. Halaber, giza-kate bat egingo dute bihar, 18:30ean, «elkartasuna ezinbestekoa dela aldarrikatzeko».

