Golik gabeko partida eta puntu banaketa Anoetan
Joko polita eta aukera asko eskaini zituzten Realak eta Sevillak, baina Miguel Angel Moya eta Bono bi taldeetako atezainek golik ez jasotzea lortu zuten 90 minututan. Sevillak 2020/2021 denboraldiko Txapeldunen Ligarako txartela ziurtatua zuen, eta lerro bakoitzeko jokalari garrantzitsuenek aulkitik hasi zuten partida: Diego Carlos defentsak, Fernando erdilariak eta Ocampos hegalariak. Julen Lopetegi entrenatzaile asteasuarrak abuztuan jokatuko den Europa Ligarako gorde nahi izan zituen jokalari nagusiak, eta horrek Realari partida menperatzeko aukera eman zion; hala ere, Sevillako jokalariek kontrolatu zuten partida, baina Realak sendotasuna erakutsi zuen defentsan, pandemiaren osteko jardunaldietan huts egin zuen jokoaren alderdian.
Lehenengo zatian aukera gutxi egon ziren, eta nabarmenena Mikel Merino Realeko erdilariak izan zuen. Zelai erdian baloia lapurtu ostean, area kanpotik boleaz indartsu jo zuen baloia, baina Bonok segurtasunez bidali zuen baloia kornerrera. Bigarren zatian, Reala leku arriskutsu batean pase motzak egiten ari zela Susok baloia lapurtu zuen, eta baloia gurutzatuz kanpora bota zuen gutxigatik.
Joko askoz bertikalagoa eskaini zuen Realak bigarren zatian, baina ez zuen Sevillaren defentsako hutsuneak aprobetxatzea lortu. Martin Zubimendik azkar gidatu zuen baloia eta Portu atezainaren aurrean bakarrik utzi zuen pase zehatz bati esker, baina jokalari murtziarrak langara bota zuen baloia. 66. minutuan Alexander Isakek Portu ordezkatu zuen, eta guztiz aldatu zuen jokoa. Willian Jose Bonoren aurrean bakarrik utzi zuen hutserako pase bat egin zuen Isakek, baina atezainak aurrelari txuri-urdinaren jaurtiketa gelditzea lortu zuen. Golik gabe amaitu zen partida, eta bi taldeek puntu bana eskuratu zuten.
Europara bidean
Jardunaldi bakarra geratzen da denboraldia amaitzeko eta Europa Ligako postuak erabakitzeko, eta Vila-real da txartela ziurtatu duen bakarra. Reala seigarren postuan da 55 punturekin, eta atzean Getafe du puntu bat gutxiagorekin. Europa Ligako postuetatik kanpo daude Valentzia eta Granada, baina 53 puntu dituzte eta oraindik aukerak dituzte postua lortzeko.
Jardunaldi hau bezala, ordutegi bateratuan jokatuko dira partidak azken jardunaldian, eta Realak Madrilera bidaiatu beharko du Atletiko Madrilen aurka jokatzeko. Getafek Levanteren zelaian jokatuko du, Granadak Athletic jasoko duen bitartean. Valentziak, berriz, Sevillaren aurka jokatuko du Andaluziako hiriburuan.
Aurkari zaila izango du igandean Realak, baina atzo Sevillaren aurka gertatu bezala, Atletiko Madrilek datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzeko postua ziurtatua dauka, eta Simeone entrenatzaileak sasoi onenean dauden jokalariak abuzuturako gorde nahiko ditu lesioak ekiditeko, pandemiagatik atzeratu den Txapeldunen Liga jolastu behar baitu.