Ingurumen kontseiluari planto egin diogu
Belartzako eta Lourdes Txikiko aferak konpontzea ezinbestekoa da natur taldeok Ingurumen Kontseiluan jarrai dezagun eta sinesgarritasuna izan dezan. Lehenik, Donostiako Udalak EAEko Auzitegiak agindutakoa bete behar du, eta, bigarrenik, basoa berreskuratu eta babestu. Zilegi dena, besterik ez dugu eskatzen.
Donostiako Ingurumen Kontseilua 2001ean sortu zen jasangarritasunerako irizpideak udal kudeaketaren bidez bermatzeko. Partaidetza bultzatu nahi zen herritarren proposamenak aintzat hartuz eta elkarlana sustatuz. Sorreratik Haritzaldeko naturzaleok oso aktiboki aritu gara kontseiluan, hura garatuko zelakoan eta baligarria gerta zitekeelakoan. Ordea, ingurumen udal teknikarien jarrera positiboa ez da nahikoa izan helburua lortzeko, eta orain, azeria oilategiko buru jarri digute.
Bai, sinestezina badirudi ere, aurreko legealdian Atilaren moduan ibili zen, eta ingurumen gatazkarik gogorrenetakoak –Belartzakoa eta Lourdes Txikikoa– bultzatu zituen Enrique Ramosek, Hirigintza iraunkorreko zinegotziak. Egun Ingurumen zinegotzi eta kontseiluko buru dugu. Haritzaldek haren dimisioa edo kargugabetzea eskatu zuen, eta horixe da udal gobernuaren erantzuna: Ez zenuten nahi? To!
Lourdes Txiki eta Belartza
Aste Santuan hiru urte igaro ziren Donostiako Udalak Lourdes Txikiko sarraskia bultzatu zuenetik. Jabeak, azpian dagoen ikastolako haurren segurtasuna aitzaki gisa hartuta, planeamenduan babes zorrotza zuen basoa suntsitu zuen, Hirigintza sailaren onespenarekin. Ezarritako gehiegizko 50 metro karratuko gerrikoa nahikoa ez bazen, 100 metro karratu soildu zituzten, 100 urtetik gorako haritzak akabatuz. Gainera, derrigorrez behar duten Gipuzkoako Aldundiaren baimenik gabe. Aldundiak, tamalez berandu, lanak geratu zituen eta isuna jartzeaz gain landaredia lehengoratzeko agindua eman zuen. Udalak bitartean, lanak egiteko agindua eman arren, ez zituzten gelditu eta kontrolatu. Gerora, zigor espedienterik ere ez dio ireki jabeari. Gertatutakoa atzetik kritikatu arren, ezer ez, oraindik eztabaidatzen ari dira basoa berreskuratu behar den ala ez. Horregatik, Eguzkik eta Haritzaldek urteberritan bertako haritzen ezkurren ereinketa sinbolikoa egin genuen bertan.
Belartzako afera beste maila batekoa da, baina oso larria. 2016ko udaberrian industriala zen lursailean, Belartzako harrobian, Mercadona eta McDonald’s eraikitzeko lanetan irregulartasun eta ilegalitate ugari egin ziren. Horiek gertatu ahala salatu genituen, legea gure alde genuela, obra gutxienez hiru aldiz geldiaraziz. Nekez lor zitekeen udalak bere ardurak betetzea. Horretarako, ekintzak eta jardunbideak behin eta berriz ofizialki eta publikoki salatu behar izan genituen. Hala eta guztiz ere, Belartza Goikoan, erabat naturalizatua eta Europak babesa ematen dion habitat baten gainean, inongo baimenik ez zuen harri pilaketa burutzen aritu ziren. Hilabete beranduago, legez kontra eta agiriaren atala asko hutsik utzita, Hirigintza sailak aldi baterako baimena luzatu zieten. Horrela, 120.000 metro kubiko pilatu ziren han.
Udalaren jarrera ikusita, epaitegietara jo behar izan genuen, lagun askoren dirua gastatuz. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun. Udalak emandako baimen hura eta betelana legez kontrakoak zirela ebatzi zuen. Bide batez, eremua lehengoratzeko agindua eman zuen behin betiko epai baten bidez. Bi hilabeteko epea ezarri zuten ebazpena betetzeko, baina urtebete luze pasa denean udalak ez du oraindik bete.
Natur taldeok planto
Arestian aipatu bezala, gutaz trufatzen ari zirela zirudien eta azaldutakoaren larritasuna aintzat harturik, Eguzki Talde Ekologistak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Ingurumen Kontseiluari planto egitea erabaki genuen. Itzultzeko gogoa agertu genuen, baina Lourdes Txiki eta Belartza Goikoaren aferak bideratu eta konpontzerakoan. Izan ere, Ramosen dimisioa eskatzera eraman gintuzten gatazkak gainditu ezean han parte hartzeak zentzurik ez duelako.
Kaltea egina dago, hor ez dago zalantzarik, baina udal gobernuak aukera paregabea du bi gaiak onera ekartzeko legea betez eta zentzuz jokatuz. Ordea, aiko-maiko dabil udala Lourdes Txikiko aferan, eta eremua berreskuratzeko proiektu bat eskatu badu, oraindik ez du betearaziko duen erabaki. Alboetara begiratu ordez, ekiteko ordua da, eta udalaren esku dago basoak planeamenduan zuen babesari eustea, geroa bermatuz.
Bestalde, Belartza Goikoan dagoen harri pilaketa handik kendu behar dute. Azken udalbatzarrean gaur egungo Hirigintza zinegotziak, Nekane Arzallusek, gaiari heldu behar ziotela eta epaia bete behar zutela esan omen zuen. Ez da oraingoz ezer zehaztu, eta espero dugu epaia betearaztea eskatzeko, berriz ere epaitegietara jo behar ez izatea. Egoerak udalari ingurune naturalaren eta ingurumenaren aldeko benetako apustua egiteko aukera eskaintzen dio, Belartza Goikoa ondare natural gisara berreskuratuz eta industrial sailkatu ziren lur haiek landa eremuan birkokatuz. Belartza Goikoa Donostiako gerriko berdearen parte da eta Añorgako Unanue Landa Parkeko parte izan behar du. Ikusiko da.