Normaltasunik gabeko jaiak izango dira uztailean ere
Aste honetan, Amara Berriko, Añorgako, Groseko eta kaiko jaiak ospatzekoak ziren. Auzo batzuetan festarik ez egitea erabaki dute, beste batzuetan, aldiz, jarduera «sinbolikoak» antolatu dituzte.
Koronabirusak baldintzatutako uda aurrera doa, auzoetako jaiak ez bezala. Jai batzordeetako kideek erabaki zailak hartu behar izan dituzte azken asteetan, eta Añorgan, esaterako, jaiak bertan behera utzi dituzte: Zementonek urtebete itxaron beharko du bere ohiko jaitsiera egiteko.
Amara Berrin ere, Karmengo Ama Birjinaren egunaren bueltan egin ohi dituzte jaiak, baina aurten, urteroko egitarau xumea ezerezean gelditu da. Hala ere, «jai egunak direla ez ahazteko», igande goizean bisita berezi bat izango dute auzoan: Udal Txistularien Taldeak diana egingo du Amara Berriko kaleetan zehar.
Kaian, berriz, karramarroak ere itxaron egin beharko du: «Egitarau murriztu eta berritua genuen prest aurtengo egoera berezi honetarako, baina datak gerturatu ahala eta egoera ikusirik, erabaki arduratsuena jaiak bertan behera uztea dela uste dugu. Izugarrizko pena ematen digu, baina batzuetan erabaki zailak hartu behar izaten dira», adierazi dute jai batzordekoek. Gainera, haserre agertu dira udalarekin, eta salatu dute «oztopoak, desinformazioa eta harrokeria» hutsa izan dituztela erantzun gisa, laguntza eta babesa behar zutenean.
Jai batzordeak prestatutako gauzak bertan behera utzi arren, Karmengo Ama Birjinaren eguna ospatzeko keinu txiki bat egin zuten atzo Udal Txistularien Taldekoek, eta kaian aritu ziren jotzen.
KARMENGO AMA BIRJINAREN JAIA. Eskerrak eman nahi dizkiogu Donostiako Txistulari Bandari goiz goizetik Aquariumaren parean portua girotzeagatik. #aquariumss #karmengoAmaBirjina #portua #donostiakoportua #arrantzaleak pic.twitter.com/Fu73rOTfjW
— Aquarium Donostia-SS (@aquariumss) July 16, 2020
Grosen, aldiz, Zipotz eta Legami «jai sinbolikoen» protagonistak izango dira. Jai batzordeak lau hilabete igaro ditu festak segurtasun bermeekin nola egin pentsatzen, baina azken asteetako egoera ikusita, prestatutako ia guztia etetea erabaki dute. Mantenduko dituzten jardueren artean dago, adibidez, gaur egingo duten Tabernen Arteko I. Pintxo Lehiaketa. «Auzotarrek segurtasunez egin dezakete, eta espero dugu bultzada bat izatea auzoko tabernarientzat», adierazi dute jai batzordekoek.
Hain zuzen, atzo hasi zituzten “jai sinbolikoak”, eta besteak beste, eraso sexisten aurkako argazki bat atera zuten auzotarrek, Groseko Asanblada Feministak deituta.
Eraso sexisten aurkako argazkia! Gora borroka feminista! Erasorik ez!!#zipotzjaiak2020 #zipotzetalegami #goraborrokafeminista pic.twitter.com/lY8VjMohcT
— Groseko JaiBatzordea (@grosekojaiak) July 16, 2020

