Jai herrikoien aldeko kalejira egin dute Zipotz jaietan
Jarduera gehienak bertan behera utzi arren, "Zipotz jai xume eta sinbolikoak" egin dituzte aurten Grosen. Lau eguneko egitaraua murriztua hasi zuten ostegunean, eta pandemian eraginik izan ez duten jarduerak egin dituzte asteburuan zehar.

Jarduera gehienak bertan behera utzi arren, pandemian eraginik izango ez duten ekintzak mantendu dituzte Groseko Zipotz jaietan. Lau eguneko egitaraua murriztuari ostegunean eman zioten hasiera, besteak beste, eraso sexisten aurkako argazkia atera zuten. Atzo arratsaldean, jai herrikoien aldeko kalejira egin zuten erraldoi eta buruhandiekin. Nafarroa Beherea plazatik atera eta auzoko kaleak zeharkatu zituzten. Segurtasun eta osasun neurri zorrotzekin egin zuten kalejira.
Groseko Jai Batzordeak Donostiako Udalak jarritako oztopoak salatu ditu. “Gu beti laguntzeko prest agertu ginen, haiek, ordea, ez zuten erantzunik eman auzoetako jai guztiak bertan behera geratuko zirela posta elektroniko baten bidez jakinarazi ziguten arte”, adierazi dute. Udalaren jarrera gaitzestearekin batera, ondorio nagusi bat plazaratu dute: “Herritarroi antolatzeko eta arduradun jokatzeko aukerarik ere ez digute eman. Argi utzi dute eurentzat kalea norena den. Guk, ordea, jaiak auzotik auzoarentzat eta elkar zainduz egin ditzakegula erakutsi dugu. Noski, ez da kasualitatea, 30 urtez, belaunaldiz belaunaldi jaiak antolatzen ikasi dugu, eta datorren egoerara arduraz eta konpromisoz egokitu gaitezkeela erakutsi dugu”.