Iztuetako pasabidea eraisteko lanak hasi dituzte

Ingurua lanetarako egokitu ondoren, dagoeneko hasi dituzte Iztuetako pasabidea kentzeko lanak. Lehenik, Iztueta kaleko zerbitzu sareak desbideratzen ari dira makinen bidez. “Eskuineko espaloitik ezkerrerako desbideratze horien ondoren, egungo maila jaitsi egingo da, bertatik zirkulatu ahal izateko behin-behinean trafikoak”, azaldu du Hiri Proiektuen zinegotzi Marisol Garmendiak. Hain zuzen ere, zubibidea eraitsi aurretik, trafikoa ez mozteko lan batzuk egingo dituzte. Batez ere, autobusak pasa ahal izateko.
Duela egun batzuk, mikrobus bat trenbidearen zubiaren azpitik pasa zen. “Kale horren maila 3,20 metrora jaitsita, pasabidea kentzeko obrak egiten diren bitartean, autobusentzako ibilbide alternatibo bat sortu ahal izango da, Erdialdearen eta Egiaren arteko komunikazioa bermatzeko. Gainerako ibilgailuek Miserikordia kaletik zirkulatu beharko dute Grosera eta, horrekin batera, Erdialdera joateko”, esan du Garmendiak.
Lehen fasea aurrera eramateko, Iztueta eta Iparragirre kaleak itxita egongo dira, garajeetarako sarbidea soilik utziz. Tomas Gros kaleak zirkulazioaren noranzkoa aldatuko du. Lehen faseak urte bukaera arte iraungo du. Bigarren fasea, berriz, 2021aren hasieran abiatuko dute. Obraren aurrekontua, guztira, 5,8 milioi eurokoa da.