Antiguokok eta Athleticek hamar urteko lankidetza hitzarmena sinatu dute
Realarekin zuen hitzarmena duela hiru aste agortu ondoren, Antiguoko Kirol Elkarteak Athleticekin hamar urteko akordioa sinatu du. Ibaiganen (Bizkaia) izan da ekitaldia, eta han izan dira bi klubetako presidenteak; Antiguokoko Edorta Salegi eta Athleticeko Aitor Elizegi.
“Behin Realarekin genuen akordioaren iraupena bukatuta, urte hauetan guztietan Antiguokotik harantza 60 jokalari baino gehiago joan direlarik; uztaileko lehenengo egunetan hasitako elkarrizketek gaurko egunean historikoa den hitzarmenaren sinadura du ondorio”, azaldu du Donostiako klubak plazaratu duen oharrean.
Gipuzkoako “oinarrizko futbolaren erreferente” izaten jarraitzeko nahia dutela gaineratu dute, eta duela bi hamarkada gertatu moduan, Athleticekin elkarlanean aritzea erabaki dute. “Akordio honen bitartez, klubak kirol, ekonomia eta arlo instituzionalean beste aurrerapauso bat emateko aukera izango du, eta baita ere azken urtetan bizitzen ari den hazkunde estruktural prozesua sendotzeko parada”.
Bi presidenteekin batera, bi klubetako beste hainbat ordezkarik parte hartu dute ekitaldian; Antiguokoko Roberto Montiel kirol saileko presidenteordea eta Gorka Azpeitia koordinatzaile orokorra, Athleticeko Rafa Alkorta kirol zuzendaria eta Oscar Beristain zuzendaritzako kidea, eta Martin Urrejola adiskidetutako klubeko harremanetarako arduraduna.