Cristina Iglesiasen eskultura helikopteroz eraman dute Santa Klara irlara
Santa Klara uhartean dago Cristina Iglesias artistak itsasargian jarriko duen artelana. Goizean goiz eraman dute zatika helikopteroz, eta prozesua Pasealeku Berritik jarraitu dute Iglesiasek eta Eneko Goia alkateak. Hasi baino lehen, 6:30 inguruan, Haritz Galarraga pilotua omendu dute lore sorta batekin helikopteroa aireratu den tokian. Galarragak eraman behar zuen eskultura uhartera –garabia berak eraman zuen–, baina duela aste batzuk zendu zen istripu batean bere lankidearekin batera. Seu d’Urgellen izan zen ezbeharra.
Eskulturaren zatiak uhartera eramatea “beste mugarri bat” dela adierazi du Goiak: “Lanak bikain doaz aurrera. Epeak eta faseak betetzen ari dira, betiere kontuan hartuta eguraldia dela-eta ezin izan zela nahi adina aurreratu urtarrilean eta otsailean, eta konfinamenduan lanak gelditu behar izan zirela”. Alkateak gaineratu du, lanak azarorako bukatzea espero dela, eta datorren urteko udaberrian itsasargiko obra bisitatu ahalko dela. Urtaro horretan lanak hiriarentzat izango duen garrantziaren pareko irekiera egin ahal izango dela esan du Goiak.
Hunkituta eta pozik agertu da Iglesias, eta eskerrak eman dizkie lanean ari diren pertsona guztiei. “Oraindik lan asko dago egiteko. Itsasargiaren barruan muntatu behar da eskultura. Ondoren, pasabidea, estalkia eta artelanaren barrualdea bukatu behar da. Adibidez, leihoetako alabastroa. Azkenik, argiaren eta uraren frogak egin behar dira”, azaldu du artistak. Aipaturiko lanak udan eta udazkenean egingo direla gaineratu du.