Kurpil sindikatuak bertan behera utzi ditu Dbuseko murrizketak salatzeko mobilizazioak
Donostiako Udalak irailerako Dbuseko zerbitzua erabat berreskuratuko duela iragarri zuen pasa den astean. Albiste hori dela eta, Kurpil sindikatuak murrizketak salatzeko mobilizazioak bertan behera utziko dituela adierazi du ohar baten bidez. Horrela, ez dute egingo biharko, hilaren 23rako, aurreikusita zuten elkarretaratzea. Era berean, udalari “konfiantza botoa” ematea erabaki dute.
“Pozten gaitu udalaren jarrera aldaketak, eta Dbusen zerbitzua pandemia aurrekoa izatea berreskuratzeko borondateak. Albo batera utzi dituzte orain arteko argudio pobreak, erabiltzaile zein langileak kaltetu dituztenak”, azaldu dute. Dena dela, uztaila bukaerako asteburuetako zerbitzua hobetu beharko litzatekeela uste dute, abuzturaino itxaron beharrean.