Realzale bat Auschwitzen
Auschwitzeko Museoak egunero egin ohi duen bezala, kontzentrazio eta sarraski esparruetan naziek atxikitutako eta eraildako pertsona baten kasua zabaldu dute sare sozialetan. Realarekin lotuta dago Jiri Popper judutarraren bizitza. 1923ko uztailaren 21ean jaio zen, Txekian. 1943ko irailaren 6an Theresienstadt ghettotik Auschwitzera lekualdatu zuten, eta bertan hil zuten. Auschwitzeko Museoa ez zen konturatu, baina sare sozialen bidez, Realeko jarraitzaileek ohartarazi zietenez, Popperrek Realaren intsignia zuen museoko argazkian.
Istorioa Twitterren zabaldu zen, Realeko norbaitengana iritsi zen arte. Realak intsigniak atzean izan zezakeen istorioa ikertu zuen, eta lortu zuten gazte txekiar batek haien intsignia janztearen zergatia jakitea. Talde txuri-urdinak adierazi duenaren arabera, 1923ko eguberri egunean Realak Pragako Deutscher taldearen kontra jokatu zuen Donostian, Atotxan, eta talde txekiarrak 1-3 irabazi zuen. Hurrengo egunean partida errepikatu zuten, eta txuri-urdinek 3-0 irabaztea lortu zuten. 1924ko abuztuaren 31an Realak Pragan jolastu zuen talde beraren aurka, eta 11-1 galdu zuten donostiarrek. Realak uste duenez, partida horietako batean eskuratu zuen Popperren familiak intsignia.