AHTko lanetan Belartza Goikoa eremua zabortegi gisa erabiltzea aurreikusten da
Belartza Goikoa eremua lan-hondakinak pilatzeko erabili nahi dute Abiadura Handiko Trenaren lanetan. Zehazki, Astigarraga-Lezo zatirako aurreikusi dute Añorgako gune naturala zabortegi gisara erabiltzea. Elkarrekin Donostiak udal gobernuari eskatu dio asmo horri alegazioak aurkezteko, eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak adierazi du hartu beharreko neurriak aztertzen ari direla. Udal taldeak uztaileko udalbatzarrera eraman du gaia premiazko interpelazioa eginez, eta udalbatzak horri buruz hitz egitea eta mozioa bera onartu du.
Espainiako Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak ekainaren 17an onartu zuen AHTaren Astigarraga-Lezo zatiko informazio azterlana, eta ekainaren 22an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. Aipaturiko azterlanak hamabost leku zehazten ditu hondakinak pilatzeko, eta horietako lau Donostian daude. Tartean da, Belartza Goikoaren lursaila zabortegi moduan erabiltzeko aukera. Beste bi Martutenen daude, eta azkena Rezola zemento fabrikaren alboan dago.
Abuztuaren 3an bukatuko da alegazioak aurkezteko epea, eta udala alegazioak aztertzen ari dela aurreratu du Arzallusek: “Espedientea aztertzen ari gara, eta alegazioak prestatuko ditugu. Batetik, Belartzako eremua harrobi bat ez delako. Azterketa egiterakoan zeharo nahastu dira. Eta bestetik, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete behar dugulako. Dena dela, azterketa orokorrago bat egin nahi dugu, lau direlako gure hirian kokatu nahi diren zabortegiak”.
Hain zuzen ere, 2019an EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen legez kontrakoak zirela Belartza Goikoan egindako isurketak eta udalak betelanerako emandako baimena. Era berean, eremua ahalik eta azkarren lehengoratzeko eskatu zuen. Gaurko udalbatzarrean, horri ere egin dio erreferentzia Haizea Garaik, Elkarrekin Donostiako bozeramaileak: “Sententzia duela urtebetekoa da, eta udal gobernuak ez du borondaterik erakutsi betetzeko. Zabortegi batean bihurtu da eremua, eta ematen du hori zela helburua. Utzikeriaz jokatzen ari zarete Belartzan”. Arzallusek erantzun dio ekaineko udalbatzarrean harturiko konpromisoari eusten diola. “Belartzako materialak erretiratzeko prozesua abiatu dugu, eta lan horien kostua isurketa egin zuen enpresak ordainduko du”.