Arraun Lagunakek egindako testetan negatibo eman dute taldeko kide guztiek
Arraun Lagunak taldeko arraunlariak joan den denboraldian. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Joan den astean Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek eman zuen positiboaren harira, taldeak laborategi pribatu batean PCR testak egin dizkie taldeko 25 pertsonei, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideak barne. Pertsona guztien testek emaitza negatiboa izan dute, baina larunbatean ezingo dira Bilboko banderan aritu, egun horretan bertan egingo dituztelako Osakidetzako probak.
Larunbat honetan egiten dituzten testen emaitzak negatiboak badira, uztailaren 27an taldean entrenatzera itzuli ahal izango dira arraunlariak. Taldeak zabaldu duen ohar baten bitartez “pozik” daudela helarazi dute, eta egun hauetan jaso duten laguntzagatik eskerrak eman dituzte.
Arraun Lagunakek denboraldiko hamabi estropadetatik hiru galduko ditu ustezko kasu positibo hau dela eta.

