Euskararen inguruko hiri akordio baten alde agertu da udalbatza
Donostiako Euskararen Plan Orokor berriari buruz aritu dira uztaileko udalbatzarrean. 2020-2024 epealdiko plana da lantzen ari direna, eta prozesuaren gizarteratzea “apalegia” izaten ari dela adierazi du EH Bilduk. Udal gobernuari eskatu diote Euskara Kontseilu Sektorialari behar duen denbora emateko planaren diseinua bukatzeko. Era berean, hiri akordio bat errazteko eskatu diote, “zoru komun bat ezarriko duena hizkuntza eskubideen bermea lortzeko eta euskararen garapen bizkorrago bat eragiteko Donostian”. Bigarren eskaerarekin bat egin dute.
“Euskararen Plan Orokorraren behin-behineko dokumentuak uneko argazkia erakusten du gehiago, garapen edo eboluzio batena baino. Faltan ikusi dugu euskararen ezagutzak egin duen garapena, giza taldeka, arloka, auzoka, baita datu absolutuetan ere”, azaldu du EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak. Horrekin batera, azpimarratu du planaren helburua ezin dela plana bera izan: “Ezin dugu emaitza ezberdinik espero, gauza bera egiten jarraitzen badugu. Planaren helburua euskararen hiriko egoeran aldaketa positibo esanguratsuak lortzea izan behar du, lan handia egin baitugu denon artean, euskarak espazioa berreskuratu eta irabaz dezan. Horri esker, hiribururik euskaldunena izaten jarraitzen du Donostiak, eta horrek eskatzen digu aurrera jauzi bat eman beharra”.
Jon Insaustik, EAJren bozeramaileak eta Euskara zinegotziak, hitz egin du udal gobernuarekin izenean. “Planak datu gehiago behar dituela uste dugu guk ere, baina onartzeko garaia da, eta irailean izango da. Beraz, ez dugu lehen eskaera babestuko. Hemen esan direnekin ados gaude, planak jauzi hori eman behar du, zehatzagoa eta zorrotzagoa izan behar du. Horretarako, ekarpen gehiago jaso dira egungo planarekin alderatuta. Hiri akordioarekin bat gatoz, baina uste dut udal talde guztiek bermatu behar dugula, eta ez soilik udal gobernuak”, azaldu du Insaustik. EAJk eta PSE-EEk lehen bigarren eskaera babestu dute, eta Elkarrekin Donostiak biak. Aldiz, PPren udal taldeak debatea aldrebestu du, eta ez dute eskaera bakar bat ere babestu. “Gure alderdia beti egongo da euskararen alde, baina beti hizkuntza bat bestearen gainetik hartzean kontra agertuko gara. Euskara gaztelaniaren gainetik jartzea proposatzen ari zarete, eta ez gaude ados”, adierazi du Mikel Lezama zinegotziak.