Uliako Mintegietako egungo kudeatzaileekin elkartzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak
Uztaileko udalbatzarrean tartea izan du Uliako Mintegietako parkeak. Elkarrekin Donostiaren udal taldeak mozioa aurkeztu du parkearen egungo kudeatzaileei baimena luzatzea eskatzeko. Izan ere, Donostiako Udalak 2015ean Uliako Lore-Baratzak boluntario taldearen eta Uliako Auzo Elkartearen esku utzi zuen parkearen kudeaketa, baina iaz agortu zen baimen horren epea. Horrela, bi elkarteek baimena luzatzeko eskatu zuten pasa den ekainaren 16an. Udal gobernuak eskaera aintzat hartu, eta egungo kudeatzaileekin hitz egiteko konpromisoa hartu du.
Horrez gain, Elkarrekin Donostiak udal gobernuari eskatu dio Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko, Uliako Mintegiak hiri parke gisara izendatzeko. Udalbatzak eskaera babestu duen arren, Eneko Goia alkateak ñabardura bat egin du. “Oposiziotik gauzak nahasteko joera duzue, eta ez dakit nahita egiten duzuen edo ez. Parkean etxebizitzak eraikitzeko asmoa iraganeko kontua da, eta beraz, berriz gai berarekin ibiltzea ez dut ulertzen”, azaldu du Goiak. Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik erantzun dio mozioan ez dutela etxebizitzen inguruko ezer aipatzen: “Hiri parke izendatzea eskatzen dugu, ez besterik”.