Egunerokotasun berriaren gora beherak
Easo kaleko lanak bukatu eta kalea irekitzearekin batera, San Martin kaleko zirkulazioa itxi dute guztiz. Metroko obrak direla eta itxi dute hiriko kale nagusietako bat, eta horrek aldaketa nabarmenak eragin ditu hiriko zirkulazioan. Gainera, itxierak bete-betean eragin die zonako saltokiei, handik egunero igarotzen diren hiritarrei, baita bisitariei ere.
Urnietan bizi bada ere, Prim kalean egiten du lan Izaskun Basterretxeak. Autobusez joaten da egunero lanera, eta metroko lanek zirkulazioan sortutako moldaketek nabarmen eragin dute bere eguneroko desplazamenduan: “Hasierako San Martineko geltokia aurrerago jarri zuten kale horretako lanak hasi zirenean, eta orain Easo kalean geratzen da autobusa. Urrutiago uzten banau ere, ez dit eragiten. Uste dut kudeaketa ona egiten ari direla”, azaldu du Basterretxeak. Bere iritziz, une honetan «kaosa» ez da hain nabarmena: “Are gehiago, esango nuke kaotikoagoa zela zati bat irekia zegoenean. Nik, behintzat, segurtasun falta handiagoa sentitzen nuen orduan. Hala ere, imajinatzen dut kalean bertan bizi diren pertsoneii gehiago eragingo diela”, gaineratu du.
Izena eman nahi ez duen Amara Berriko bizilagun bat, aldiz, ez dator bat horrekin. “San Martin kalea horrela ikustea itogarria da nire ustez, batik bat udan, eta are gehiago pandemia egoera kontuan hartuta”, azaldu du. Erdialdea ondo ezagutzen du, Urbieta kalean jaio eta bizi baitzen ezkondu arte; orain askotan joaten da auzora. Normalean oinez joaten bada ere, azkenaldian autobusa hartu duela azaldu du, belaunean arazoak dituelako. Bere iritziz, autobus geltokien antolakuntza ez da egokia izan: “Uste dut ez dagoela ondo pentsatuta. Esaterako, San Martin zabalik egon den bitartean, kale honetako geltokia Kontxatik urrunago jarri zuten. Hori ez zen erosoa, batik bat arazoak ditugunontzat edo adineko pertsonentzat. Eason beste geltoki bat jartzearekin nahikoa zen”, aipatu du. Oro har, metroko lanen kontra dagoela argi utzi du. “Ez dugu behar. Komunikazio ona dugu, eta uste dut beste modu batera egin zitekeela, egungo topoa aprobetxatuz”, esan du.
Bere izena eman nahi ez duen beste donostiar bat ere bat dator horrekin. “Ez dut ulertzen zergatik egin behar duten metro bat Donostian, ez diot zentzurik ikusten”, adierazi du haserre. Erdialdean bizi da, Hondarribia kalean, eta goizero-goizero San Martin kalera joaten da, medikuak gomendatutako ibilaldia egin aurretik. “Kafea hartzen dut Otaegui gozotegian, hemengo kafea gustuko baitut. Kalea obretan egon arren, ez dut ohitura hori aldatuko”, azaldu du bizilagunak.
Metroko lanez gain, pandemia
San Martin kalearen itxierak eta metroko lan berrien hasierak zonako saltoki eta negozioei ere eragin die ezinbestean. “Gogoratzen dut hemengo lanak hasi aurretik, Easotik pasatzen nintzen guztietan obrak begiratzen nituela, pentsatuz aurki gure txanda zela. Baina ondoren, hona etortzen nintzen, nire txokora, eta hemen ez zegoen lanik. Orain, aldiz, iritsi dira”, azaldu du Eduardok Bretonek, Iturrioz tabernako jabeak. Haren semeak, Anderrek, tabernan egiten du lan, eta biek azpimarratu dute, lanez gain, pandemiak sortutako egoerak zailtasunak areagotu dituela: “Nik uste dut psikologikoki prest geundela metroko lanetarako. Baina pandemia ere etorri da, eta hori ez genuen espero. Arduratuta gaude”, azaldu du Ander Bretonek.
Iritziarekin bat dator Fatima Ansola, bere izena daraman arropa dendako arduraduna. “Une gogorra” izaten ari dela nabarmendu du, bai lanengatik, baita itxialdiak eta pandemiak sortutako ondorioengatik ere. Konfinamenduan galdutako bezeroak berreskuratzea lortu zuen bazuen ere, kalea itxi dutenetik behera egin dute berriro: “Normalean, kale honetatik autobus asko pasatzen direnez, bezero ugari gerturatzen zaizkigu erakusleihoak atentzioa eman dielako. Orain, aldiz, hori ez da gertatzen”, kontatu du dendako arduradunak. “Jendeak hemendik pasatzea saihesten du”, gehitu du.
Ansolak esandakoaren iritzi berekoa da Ander Breton: “Zarata eta hautsa direla eta, ez da kale eroso bat une honetan, eta jendeak ez du hemendik pasa nahi. Ilunagoa ere bihurtu da, ez delako hainbeste argi sartzen”. Azaldu du taberna ireki zutela itxialdiaren ondoren, eta “egonkortasuna lortu” badute ere, kritikatu du egoera ez dela pandemiaren aurrekoa bezalakoa. Terraza izatea lagungarri izan dute, koronabirusa dela eta jendeak nahiago duelako kalean egon. Lanak hasi direnean, ordea, terrazari kalte egin diotela gaineratu du.
Lanak izango zirela argi bazuten ere, Iturriozeko arduradunek enpatia falta sentitu dutela aitortu dute. Beraien ustez, obran lanean ari diren hainbat langile ez dira “haien lekuan jartzen”. Ordea, ETSko [Euskal Trenbide Sarea] langileetako batek izandako jarrera ona azpimarratu dute aita-semeek, eta positibotzat jo dute obraren nondik norakoak azaltzeko egin duen ahalegina.
“Nik ulertzen dut langileek agindutakoa egin behar dutela, eta eurak ez direla arduradunak, baina guretzat ere ez da egoera erraza”, esan du Ansolak. Kalea guztiz orain itxi duten arren, lanak hasi zituztenetik ondorioak pairatzen ari dira arropa dendan. Hori azaltzeko, pasadizo bat kontatu du Ansolak: ”Behin, furgoneta batek bezeroei dendara sartzea oztopatzen zien eta udaltzainei deitu behar izan genien”. Izan ere, “arazoak izatekotan” Udaltzaingoari deitzeko esan zioten Ansolari obraren arduradunek. Beste behin, erakusleihoko kristaletan pitzadurak izan zituztela gehitu du dendariak: “Ura sartzen zen erakusleihotik; esan ziguten kalteak ez zirela obren ondorioz izan”, kexatu da.
“Borrokatuta, azkenean lortu dugu ABEEko [Aldi Baterako Enpresa Elkartzea] norbait gugana etortzea, lane hurrengo faseen inguruko informazioa ematera”. Izan ere, askotan informazio falta sumatu dute: “Guretzat hurrengo pausoak ezagutzea lagungarria da jakiteko, adibidez, ea erreserbak egin ditzakegun edo ez”, azaldu du Ander Bretonek.
Horren aurrean, elkarte bat edo lan talde bat sortzearen alde agertu da Ansola: ”Bakoitza bere kabuz ari da, eta elkartu beharko ginatekeela pentsatzen dut. Azken batean, lanek ez diote soilik eragiten obren kalean dagoen negozioari, eta halako obra batzuen aurrean lagungarria izango litzateke indarrak batzea”.
Easo kalea, zabalik
San Martinek orain bizi duen egoera ondo ezagutu dute Easo kaleko saltokiek. Metroko lanen ondorioak ia bi urtez pairatzea egokitu zaie. Koruko Zurutuza, Easo kaleko Koruko belar dendako arduraduna da. “Gaizki eraman ditut lanak. Zarata eta zikinkeria izugarriak izan dira”, nabarmendu du. Bezeroetan ere nabaritu ditu kalteak: “Betiko bezeroek etortzen jarraitu dute, baina aldaketa nabaritu dut kasualitatez aurretik pasa, eta dendan sartzen zirenekin. Izan ere, obretan dauden kaleak saihesten ditugu denok”, gaineratu du.
Gauza bera pasa zaie Citores oinetakoak konpontzeko dendako langileei: betiko bezeroak izan dira dendara etortzen jarraitu dutenak. “Kalea itxi aurretik genituen bezeroak berreskuratu ez baditugu ere, apurka berreskuratzen ari gara”, adierazi du Inmaculada Menta langileak. Koruko belar dendaren kasuan ere, oraindik ez dituzte kalea itxi aurretik zituzten salmentak lortu: “Ni Erdialdetik kanpo bizi naiz, eta Donostiara lanagatik egiten duten bezero asko ditut; horiek ez dira etorri azken denboran. Izan ere, etxetik lan egiten jarraitu dute askok, eta beste batzuei enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri diete”.
Orain, kalea zabalik ikusita, pozik dagoela baieztatu du: “Kalea zabail ikusita bakea sentitzen dut. Hesiak kenduta denda ikusgarri dago berriro; horrek salmentak igoko dituela espero dut”, esan du. Gainera, aurrean zituen zakarrontziak tokiz mugitu dituzte: “Zakarra eguneko edozein ordutan ez ateratzeko neurria ez zen errespetatzen, eta usaina eta zikinkeria izaten ziren. «Orain, hori ere ez dut izango”, adierazi du pozez. Menta ere alai dago: ”Aurreko bizitza berreskuratu izana pozgarria da, beste sentsazio bat ematen baitu”. “Easo kalean mugimendu gehiago dago, baina oraindik, pandemiagatik, eskasa da”, laburbildu du Zurutuzak.