San Martin eta Zubieta kaleen noranzkoak aldatuko dituzte
Erdialdeko zirkulazioan egingo dituzten aldaketak aurkeztu dituzte Pilar Aranak eta Eneko goiak, Donostiako Mugikortasun Zinegotziak eta alkateak. Eraldaketa hauek “irudikatzen ari garen etorkizuneko hiri ereduaren” barruan kokatzen direla adierazi du Eneko Goia alkateak.
Proiektuaren ardatzak “oinezkoentzako kaleak eta mugikortasun jasangarria sustatzea” direla adierazi du alkateak. Honetarako, Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko dagoen San Martin kalearen zatia oinezkoentzat bihurtuko dute, baita Easo kalearen zati bat ere (Arrasate eta Zubieta kaleen artean).
Bestalde, Zubieta eta San Martik kaleak zentzuz aldatuko dituzte: Antiguatik Erdialdera doazen autobusak Zubieta kaletik pasako dira, eta Erdialdetik Antiguara doazenak San Martin kaletik. Hau dela eta, Zubieta eta San Martin kaleak elkartzen diren puntuan bidegurutze bat egin beharko dute; kaleen zentzuen aldaketa udazkenean egingo dela aurreratu du Pilar Aranak.
Horrez gain, San Martin kalea bi errailetako kalea bihurtuko dela gehitu dute, autobusentzat eta autoentzat bana, eta “bidegorri zabala” eta espaloia zabalduko dutela adierazi dute: “San Martin kalean trafikoa gehiegizkoa da orain, eta etxebizitzak daudenez, proiektu honekin hori aldatuko dugu”, adierazi du Eneko Goiak.
Garraio publikoa
Aldaketa honek eragin handia izango du mugikortasunean. Antiguatik Erdialdera doazen autoak ezingo dira Askatasunaren hiribidean zuzenean sartu, eta Urbieta kaletik Prim kaleraino joan beharko dira Gernikako Arbola pasealekua hartzeko. Zubieta kalea autobusentzat izango da bakarrik, eta eraldaketa honekin garraio publikoa sustatu nahi dutela azpimarratu du Eneko Goiak: “Urte gutxi barru zazpi minutuero egongo da topoa Antiguatik Erdialdera joateko”.
Zubieta eta San Martin kaleen zentzu aldaketa dela eta, autobus geltokiak ere lekuz aldatuko dira: Erdialdetik hiriaren mendebaldera doazen autobusen geltokiak Urbieta eta San Martin kaleetan egongo dira, eta kontrako noranzkoan joango diren autobusen geltokiak Zubieta kalean eta Askatasunaren hiribidean egongo dira.