Jazzaldiaren kalitate artistikoa eta publikoaren erantzuna azpimarratu dituzte
56. Jazzaldia 2021eko uztailaren 21etik 25era izango da, eta programazioa artista ezagunekin osatu dute. Hala nola, Herbie Hancock, Gregory Porter, Mulatu Astatke eta Yann Tiersen.
Iragana da 55. Donostiako Jazzaldia, eta ez da berehalakoan ahaztuko. Dena dela, aurrera begira jarri dira antolatzaileak eta 56. Jazzaldiaren datak eta lehen xehetasunak eman dituzte. 2021eko uztailaren 21etik 25era izango da, eta programazioaren zati handiena lotuta dute.
“Guztiok gogoratuko dugu, eta ez bakarrik bere kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuekin joan garelako, egoera berezi eta zailean, baizik eta baita bere kontzertu ikusgarriengatik, une paregabeengatik eta kalitate orokor bikainagatik ere. Publikoak modu eredugarrian erantzun du egoera honen aurrean, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez”, adierazi du Miguel Martinek, Jazzaldiko zuzendariak.
Lehen aldiz, Donostiako Jazzaldiaren hiru sari banatu dituzte. Iñaki Salvador piano jotzaile donostiarrak, Jorge Pardo saxofoi jotzaileak eta Chano Dominguez piano jotzaileak jaso dituzte sariak, eta hiru musikariek hainbat emanaldi eskaini dituzte aurtengo jaialdian. Hala nola, Trinitate plazan, Kursaalean eta Viktoria Eugenia antzokian aritu dira, elkarrekin, bakarka zein euren bandekin.
Penintsulako artista eta talde onenen aukera bat ikusi ahal izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta guztiak esker onez aritu direla. Besteak beste, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Salvador Sobral, Mariza, Chicuelo, Sílvia Perez Cruz, Antonio Serrano Raul Refree eta Lina, Josemi Carmona eta Tino di Gerald. Euskal Herriko ordezkariei dagokienez, Oreka TX, Michel Portal, Paul San Martin, Mikel Azpiroz eta Joseba Irazoki eta Lagunak bandaren emanaldiak nabarmentzekoak izan dira. Baita ere, bertako talde zein bakarlarien zerrenda osatuz aritu diren euskal artista gazteak.
56. Jazzaldia
Jazzaldiak oso aurreratuta dauka 2021eko programazioa. Ordurako edukierak jatorrizko dimentsioetara itzuliko direlakoan eta baldintzak normalizatuko direlakoan, 2020rako aurreikusitako programaren zati bat berreskuratuko da, baina oso izen garrantzitsuak ere gehitzen zaizkio 56. Jazzaldiari; Herbie Hancock, Gregory Porter, Mulatu Astatke, Yann Tiersen, Brad Mehldau eta Lakecia Benjamin saxofoi jotzaile gaztea.
Aurtengo jaialdirako iragarri ziren artista hauek 2021ean bai ikusi ahal izango direla datorren urtean: Simple Minds, Cecile McLorin-Salvant, Kurt Ellingen proiektu berria Charlie Hunter gitarra jolearekin, Hiromi, Leon Benavente eta Vintage Trouble. Aldiz, John Zornek 2022ra atzeratu du Trinitate plazan egingo duen Masada laukotearen aurkezpena.