Xabier Mikel Azparren profesionaletan ariko da Euskaltel-Euskadirekin
Datorren denboraldian profesionaletan ariko da Xabier Mikel Azparren donostiarra. Euskaltel-Euskadik eman dio aukera Laboral Kutxako ziklista gazteari. Erlojuaren kontrako espezialista da, eta modalitate horretan eskuratu ditu lorpen esanguratsuenak. Esaterako, Espainiako erlojuaren kontrako 23 urtez azpikoen gaur egungo txapelduna da, iaz Murtzian irabazi ostean.
Pistan ere moldatzen da Azparren, eta onena izan da aurten Espainiako Pista Txapelketetako Madison proban. Duela gutxi, berriz, bigarren sailkatu zen Zamorako itzuliko atariko erlojuaren kontrakoan. Errepideko azken garaipenak pasa den urtekoak dira. Castelloko itzuliko etapa bat eta Aizarnazabalgo Gervais memoriala irabazi zituen.