Bera Bera eskubaloi taldeak bost helburu izango ditu
Lau hilabete luzeren ondoren, Bera Bera eskubaloi taldea atzo itzuli zen Bidebietara. Hamazazpi jokalarirekin egin zuten denboraldi-aurreko lehen entrenamendua. 2020-21 denboraldia esanguratsua izango da Donostiako taldearentzat, bost helburu izango dituztelako. Bi kopa jokatuko dituzte –apirilekoa irailera atzeratu zelako–, Superkopa, Liga eta Europa Liga –azarotik aurrera–.
Nobedadeen artetik, taldeak fitxatu dituen Alice Fernandes eta Laura Hernandez jokalarien parte hartzea nabarmendu behar da. Era berean, lehen taldearekin ariko diren lau gazteetatik hiruk bat egin zuten lehen entrenamenduarekin: Amaia Zolezzi, Malen Morandeira eta June del Campo. Manuela Pizzo eta Malena Cavo argentinarrek negatibo eman dute PCR ptoban, eta dagoeneko bat egin dute taldearekin. Mirene Morenok, berriz, denbora gehiago beharko du emaitza ezagutzeko.
“Hasierako egun hauek arinak izango dira, ia kontakturik gabe eta, hortik aurrera, lan kargak moldatzen hasiko gara”, azaldu zuen atzo Imanol Alvarezek, Bera Berako entrenatzaileak. “Irailean izango dugun kopa lehiatzeko gogotsu gaude, eta ahalik eta ondoen iristeko prest egon behar dugu”, gaineratu du. Alba Menendez taldeko kapitaina prest dago sasoiko helburuei aurre egiteko. “Ondo entrenatu behar dugu, ondo jokatzeko eta helburuak lortzen saiatzeko. Irailera ahalik eta egoera onenean iritsi behar dugu”.