Salbuespenezko espetxe politikaren bukaera eskatuko du Etxeratek hondartzetan
Igandean, abuztuaren 2an, Etxeratek elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herriko hondartzetan. Donostiako mobilizazioak 12:00etan izango dira. Salbuespenezko espetxe politika behin-betiko bukatzea eskatuko dute. “Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko, eta bizirik eta etxean nahi ditugulako”, azaldu dute.
Hondartzetako protesta garrantzitsua izango dela gaineratu dute. “Beldurra eta ziurgabetasuna izan dira nagusi, osasun krisiak espetxeetan izan duen eraginarengatik. Alarma egoera deklaratu eta bost hilabete igaro dira eta ezjakintasun, segurtasun eza eta kezka egoera hau jasanezina da”, salatu dute.
Horregatik, salbuespen neurriak bertan behera utzi behar direla uste du Etxeratek. “Euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute, Euskal Herriko espetxeetan. Egin dezakete, azkar egitea posible da. Eta egin beharko dute. Ez da nahikoa bide erdian dauden espetxeetara eramatea. Euskal Herrira eraman beharko dituzte, legediak hala onartzen duelako eta urruntzeak kaltetutako ehunka pertsonen familia-lotura errespetatzeko berme bakarra delako”.
Espainian dauden 199 euskal presoetatik bederatzi daude Euskal Herriko espetxeetan. “Horietatik sei baino ez daude hirugarren graduan, eta gainerako 140 presoek lehen graduan jarraitzen dute”. Frantzian, berriz, oraindik ez dute kendu “betikotasunera kondenatutako presoen baldintzapeko askatasunaren balazta”, ezta ere larri dauden gaixoen askatasuna. “Euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean eta bakean, bizikidetzan, eta, beraz, ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonek jarraitzen dute espetxe-salbuespenaren ondorioak jasaten”.