Terrazen eta hondakinen bilketaren gaineko zerga txikitu du udalak
Establezimenduek gutxiago ordaindu beharko dute terrazen erabileragatik eta hondakinen bilketagatik. Donostiako Udal Gobernuak zergen ordenantza aldatzea erabaki du, COVID-19ak hiriko hainbat sektore ekonomikotan izan duen eragina arintzeko. Hain zuzen ere, martxoaren bigarren hamabostaldian eta apirilean establezimendu asko itxita egon ziren.
Ostalaritzak, mantentze pertsonaleko jarduerak, aisialdi jarduerak, kultur jarduerak eta elkarteen jarduerak hobaria jasoko dute hondakinen bilketako bigarren hiruhileko kuotan –11 euro gutxi gorabehera–. Aldiz, janari dendek eta beste hainbat artikulu saltzen dituzten saltokiek %75eko kuota ordaindu beharko dute, garai zailetan aurrera eraman dutelako negozioa. Bigarren hiruhilekoko tasa hobariduna ordaintzeko epeak bat egingo du laugarren hiruhilekoko tasa ordaintzeko finkatutako epearekin. Udalak 1,2 milioi euroko diru sarrera aurreikusita zuen bigarren hiruhilekorako, baina behin hobaria ezarrita, gutxi gorabehera 290.000 euro jasoko ditu.
Terrazen gaineko tasa, berriz, sei hilekoa da. Udal gobernuaren ustez, martxoa, apirila, maiatza eta ekaina hilabete zailak izan dira ostalariek terrazak erabiltzeko. Hori dela eta, hobaria jasoko dute terrazak jartzeko baimena duten establezimenduek. Sei hilabete horietatik bakarrik bi hilabeteko kuota ordaindu beharko dute, eta beraz, %66ko hobaria izango dute. Hau da, udalak gutxi gorabehera aurreikusita zuen 882.000 euro jasotzea tasa honen bidez, eta behin hobaria ezarrita, gutxi gorabehera, 294.000 euro jasoko ditu.