Emakumezkoen Itzuliak ordezkatuko du Donostiako Klasikoa
Donostiako Klasikorik ez da jokatuko aurten, COVID-19aren ondorioz bertan behera geratu zelako. Datorren urtean ere ez da emakumezkoen probarik izango. Horren ordez, Itzulia Women izeneko hiru eguneko itzulia jokatuko dute 2021eko maiatzaren 14tik 16ra.
UCIk atzo jakinarazi zuen datorren denboraldiko egutegia, eta aipaturiko itzulia goi mailako egutegi horretan izango da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu, eta azken etapa Donostian bukatuko dela aurreikusi daiteke. Izan ere, klasikoaren antzeko ibilbidea izango du. “Lasterketa honi esker gure lurraldea are gehiago nabarmenduko da nazioartean. Badakigu zaleek errepideak hartuko dituztela, gizonezkoen Itzuliarekin egiten duten moduan”, nabarmendu du Julian Erasok, OCETA antolatzaile taldeko kideak.
Donostiako Klasikoa, berriz, 2021eko uztailaren 31n izango da. Bestalde, Euskal Herriko Itzulia apirilaren 5etik 10era jokatuko da.