Ezagutza: babeserako lehen urratsa
Santa Maria elizako D’Museoan ikusgai dago ‘Donostiako Alde Zaharra, kalez kale’ erakusketa. Ancora ondarearen babeserako elkarteko kideak izan dira komisarioak, eta irailaren 13ra arte egongo da zabalik. Auzoko 200 eraikin ingururen jatorri ezezagunari buruzko informazioa jaso dute, horien balioa aitortu eta ezagutzera emateko.

Nori ez zaio gertatu kaletik joatean bat-batean begirada gora altxa eta eraikinen batek sekulako harridura eragitea? Enbeltran, Ikatz, Fermin Kalbeton, Narrika… Ia Donostiar orok hamaika aldiz zapaldu ditu Parte Zaharreko kaleak, baita eraikin enblematikoenengan erreparatu ere. Hala ere, herritar gehienentzat eraikin horien atzean dagoen historia ezezaguna da gaur egun.
2019. urtean Monumentu Multzo gisa izendatu zituzten Donostiako Parte Zaharra eta kaia, apirilaren 19ko 68/2019 Dekretuaren bitartez. Askok denbora luzez itxarondako neurri bat izan zen hori, izan ere, ordurako, Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi hiriburuetako gune historikoek bazuten babes hori, baina Donostiakoak ez. Ancora ondarearen babeserako elkarteak positibotzat jo zuen izendapen hori, eta «ospatzeko», hiriko auzune zaharrenari buruzko erakusketa bat prestatzea erabaki zuen: Donostiako Alde Zaharra, kalez kale.
Erakusketaren helburua da Parte Zaharreko eraikin eta kaleetako arkitektura eta historiaren balioa azpimarratzea, eta ezagutzera ematea. Horretarako, 200 eraikin baino gehiagoren informazioa jaso dute, baita 700 irudi inguru. Erakusketa irailaren 13ra arte egongo da ikusgai, Santa Maria elizaren barruan dagoen D’Museoan. Halaber, Ancorako kideek erakusketaren nondik norakoak azaltzeko doako bisita gidatuak prestatu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz.
‘Galdu genuen hiria’ aitzindari
Ancora elkarteko hainbat kidek egin dituzte erakusketaren komisario lanak, eta horien artean dago Eneko Oronoz arkitektura ikaslea. Ancorak Galdu genuen hiria erakusketa prestatu zuenean indartu zuen bere parte hartzea elkartean Oronozek. Azaldu du bi erakusketen jatorria Ancorako lehendakariak, Alberto Fernandez D’Arlasek, eta berak partekatzen duten kezka bat dela: «Biok oso kezkatuta geunden hirian gertatzen ari den fenomeno batekin: eraikin historiko asko eraisten ari dira, inongo alhadurarik gabe».

Erakusketan dagoen maketan ikusten den bezala, Ugartemendia arkitektoak egindako proposamenetako batean, gaur egungo Konstituzio plazak oktogono forma zuen. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Galdu genuen hiria erakusketa 2017. urteko Arkitektura Bienalean aurkeztu zuten, eta bigarren bienalean parte hartzeko ideia bat izan Ancorakoek: «2019an Parte Zaharra eta kaia Monumentu Multzo izendatu zituztenez, iruditu zitzaigun espazio aproposa zela herritarrei balio horiek transmititzeko».
Horrela, iazko Akitektura Bienalean aurkeztu zuten erakusketa berria, eta Parte Zaharraren bihotzean jarri zuten ikusgai: itxi berri duten Santa Teresa komentuan. Izandako harrera ona ikusita, berriro erakustea pentsatu zuten: «Oso harrera ona izan zuen Santa Teresan, baina auzoko jende asko ez zen iritsi erakusketa ikustera, ez zielako denborarik eman, edo ez zirelako enteratu ere egin. Askok esan ziguten pena hartu zutela, eta ea beste nonbaiten jarriko ote genuen ikusgai. Adibidez, Barandiaran tabernako (Salcedo Etxea) eta Intza tabernako (Collado jauregia) familietako batzuk etorri ziren, baina beste batzuek ezin izan zuten». «Nahi diegu gonbidapena egin donostiar guztiei, eta bereziki Parte Zaharrekoei erakusketa ikustera etortzeko», adierazi du Oronozek.
Paseo bat kalez-kale
Taulatan antolatu dituzte erakusketa osatzen duten ia 700 irudiak; taula horietan jaso dituzte, gainera, auzoko 200 eraikin baino gehiagoren informazio historikoa eta planoak. Horrela, Parte Zaharreko eta kaiko 28 kale eta plazetatik ibilbide bat irudikatu nahi dute Ancorakoek: erakusketaren pasillo bakoitzak, kale edo plaza bati dagokio. Oronozek azaldu duenaren arabera, kale eta plaza horietako batzuk ez dira existitzen jadanik, esaterako, Zurriola kalea. Hain zuzen, Urumea alboko harresiari itsatsita zegoen kaletxo bat zen, eta han bizi ziren hiriko herritar pobreenak. Bretxan hasi, eta San Bizente elizaren atzetik igarotzen zen kale estu hura, gaur egun Aldamar kalea dagoen leku berean.
Urtez-urte, hamarkadaz-hamarkada, gure hiria aldatzen joan da erremediorik gabe. Baina, zalantzarik gabe, Donostiak izan duen aldaketa nabarmenena 1813an izandako suteek eragin zuten. Hain zuzen, sutearen aurreko eraikin batzuen berri ere ematen badu ere, garai hori du abiapuntutzat erakusketak. 1813an izandako suteak hiria txikitu zuen, eta gaur egungo Parte Zaharra, sutearen ondorengo berreraikuntzaren fruitua da. XIX. mendean hiriak 10.000 biztanle inguru zituen, eta gaur egun, 5.000 bat dira Parte Zaharrean bizi direnak.
Berreraikuntza 50 urte eskasetan egin zuten, eta Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoak zuzendu zuen prozesua. Oronozek kontatu duenez, prozesu horretan izandako gorabeherak ere jaso dituzte erakusketan, izan ere, Ugartemendiarentzat ez zen lan erraza izan berak pentsatzen zuen hiria bere hartan egitea. Erakusketaren hasieran, Ancorako kideek EHUko Arkitekturako ikasle batzuekin batera egindako maketa bat dago: Ugartemendiak diseinatutako hiriaren berreraikuntzaren plano batean oinarritutakoa da, baina plano horrek ez zuen behar zuen onarpena izan, eta zirriborro hutsean geratu zen. Santa Mariara joaten direnek, aukera izango dute «izan zitekeen Donostia» ikusteko, maketa batean bada ere.
Jakin-mina eta harridura
Erakusketa ikusi duten askok harridura sentitu dutela kontatu du Oronozek. «Parte Zaharreko bizilagun askok sorpresa handia hartu dute, ez zutelako haien etxearen historiaren berri», gehitu du Ancorakoak. Azaldu duenez, erakusketak eskaintzen duen informazio asko ez dago Donostiako Udal Artxiboan, eta horregatik, herritar askok ez daukate horren berri. «Bisitari askok gauza berriak ikasi dituzte. Tristea da honetaz konturatzea, baina ez dugu gure hiria ezagutzen», esan du atsekabetuta.
Erakusketa prestatzeko, hainbat iturritara jo dute Ancorakoek: «Lehen iturria Udal Artxiboa izan da. Badaude liburu batzuk Berreraikuntzaren Obra Batzordearenak, eta horietan azaldu zituzten berreraikuntzaren pauso asko».
Gainera, propietateen erregistroetara eta notario-protokoloetara ere jo behar izan dute, garai hartako salerosketen berri izan eta orubeak nork erosi zituen jakiteko. Bestalde, Madrilera ere joan ziren bilaketa egitera: «Han gertakari garrantzitsuen dokumentuak daude gordeta, esaterako, Plaza Berria [Konstituzio plaza] eraiki zeneko informazioa». Bizilagunen partetik ere jaso dute informazioa, baina ez nahi adina, izan ere, hainbat pertsona lokalizatuta zituzten arren, ez zien denbora eman haiekin kontaktuan jartzeko.

Eneko Oronoz, bi bisitarirekin, kaiko argazki zahar baten aurrean. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Eraikinen babes mailak
Eraikinen informazioarekin batera, bakoitzaren babes maila zehaztu du Ancorak erakusketaren tauletan. Hain zuzen, 2019ko dektretuak zehazten ditu maila horiek, eta besteak beste, honakoak izan daitezke: babes berezia, babes ertaina, oinarrizko babesa, eta babes morfologikoa. Parte Zaharreko eraikin gehienek oinarrizko babesa dute, eta Oronozek negatibotzat jo du hori: «Gustatuko litzaiguke eraikin horien balioa aitortu eta balioestea. Ikusi dugu gaur egungo proiektuak egiten dituzten arkitekto askok ez dutela tarterik hartzen eraikin horien historia arakatzeko, ezin dutelako edo ez dutelako uste garrantzitsua denik». «Babesteak ez du esan nahi leku edo eraikin horiek ezin direnik inolaz ere ukitu. Kontua da elementu horiek mimoz begiratzen badituzu, saihestu daitekezkeela hiri honetan egin diren hainbat sarraski. Datu historikoak ere oso garrantzitsuak dira», gaineratu du Ancorakoak.
Oronozek gogoratu du udala Parte Zaharreko Plan Berezia prestatzen ari dela orain, eta kontatu du elkarteak bere prestutasuna adierazi duela laguntza eskaintzeko: «Bildu dugun informazio txosten gisa aurkezteko proposamena egin diegun, beraiek kontutan hartzeko, baina oraindik ez dute egin». Bestalde, Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezia ere berrikusten ari dira, eta bere ustez, hutsune handiak ditu.
Erakusketarako bildutako informazio guztia liburu batean jasotzen ari dira Ancorakoak, eta Oronozek azaldu duenez, abenduan argitaratuko dute: «Jende askok esan digu jaso dugun informazioa oso garrantzitsua dela, eta ezin dela galdu; horregatik erabaki dugu liburu bat egitea, herritarrek Parte Zaharreko historiaren ezagutza izan dezaten».