Udalak diru-laguntzak emango dizkie euskaltegiei, kolektibo jakin batzuei eta langabetuei euskara irakasteko
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Donostiako euskaltegi homologatuei diru-laguntzak ematea onartu du, hainbat kolektibotako pertsonei euskara irakasteko. Euskalduntze-alfabetatze arruntera ikasleak erakartzeko ahaleginarekin batera, gizarte esparru guztietarako euskara ikastaro laburragoak sustatzea lehentasunezkoa izatea da helburua, hala nola, gurasoentzako, aitona-amonentzako, ostalarientzako eta merkatarientzako. Horretarako, 37.804 euro bideratuko ditu udaleko Euskara Zerbitzuak.
Bestalde, euskaltegiei Donostian erroldatuta dauden langabetuentzako euskara ikastaroak antolatzeko diru-laguntzak ematea ere onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, hamar ikasle talde osatu eta 18 urtetik gorako 100-120 langabetu euskalduntzeko helburuarekin. Horretarako, 34.200 euro bideratuko dituzte.