Morlansko tuneleko bidegorriko argiztapen arazoek egoera arriskutsuak sortzen dituztela salatu dute hainbat erabiltzailek
Morlansko auzoa eta Lugaritzeko geltokia lotzen dituen tuneleko bidegorrian argiztapen arazoak daudela salatu dute sare sozialetan azken egunotan hainbat erabiltzailek, eta horrek egoera arriskutsuak sortzen dituela azpimarratu dute. Gorka Hoyos Kalapie elkarteko kideak hedabide honi azaldu dionez, elkarteko hainbat kidek ere tuneleko egoera txarra salatu dute, Morlanstik abiatuta, tunelaren lehenengo 300 edo 400 metroak “argirik gabe” baitaude. “Bizikletan argirik gabe baldin bazoaz, tunelaren zati horretan ez daukazu ikusgaitasunik; zu bakarrik joanda arriskutsua da, eta zeresanik ez norbaitekin gurutzatzen bazara”, gaineratu du Hoyosek.
Arazoa “aspaldikoa” dela nabarmendu du Kalapiekoak, eta iluntasuna dela eta azaldu du jendeak ez duela tuneleko bidegorria behar beste erabiltzen, bereziki arratsaldeko bederatzietatik egunak argitzen duen arte. Horregatik, udalak arazoa “ahalik eta azkarren” konpontzeko eskatu du.