Realak hiru lagunarteko jokatuko ditu denboraldi-aurrean
Datorren astan hasiko ditu Realak denboraldi-aurreko entrenamenduak, uztailaren 19an 2019/2020 denboraldia amaitu ostean. Denboraldi-aurreko lehen lagunarteko partida abuztuaren 22an jokatuko dute Imanol Alguacilen jokalariek, bigarren mailara igo berri den UD Logroñesen aurka, Zubietan. Bestalde, irailaren 5ean beste bi lagunarteko jokatuko ditu Realak Zubietan, Alavesen auka lehenengoa eta Osasunaren aurka bigarrena, 11:00etan eta 19:00etan hurrenez hurren.
Bestalde, emakumeen lehen taldeak denboraldi-aurreko bigarren lagunartekoa jokatuko du larunbat honetan Montaubanen aurka. Partida Rontignonen (Paue) izango da, eta sarrera mugatua izango da, bi euroko prezioan. Natalia Arroyoren jokalariek sentsazio onak biltzen jarraitu nahi dute, koronabirusa dela eta martxotik txapelketetan aritu gabe baitaude txuri-urdinak.
Uztailaren 31ean lehen lagunartekoa jokatu zuten lehenengo taldeko neskek, bigarren taldeko jokalari batzuekin batera. 30 minutuko bi zati jokatu zituzten egun horretan, eta denboraldi-aurreko “lehen sentsazioak hartzeko” balio izan zietela adierazi zuten.
Hockeyaren hasiera
Belar hockeyeko Realaren taldeak astelehenean hasi zituen denboraldi-aurreko entrenamenduak, eta denboraldi berezi baten ostean “ilusioz eta lan egiteko gogoz” hasi direla adierazi dute.