Sute bat izan da Intxaurrondoko babes ofizialeko etxebizitza batzuetan, eta bizilagunei ostatu eman behar izan die udalak
Donostiako Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, ostegun goizaldeko 2:45ak aldera sute bat piztu zen Intxaurrondoko Ignacio Ugarte plazako etxebizitzetako garaje batean, eta udalak ostatu eman die bizilagun guztiei. Sutea itxuraz nahiko handia zela azaldu dute suhiltzaileek, eta bizilagunek euren kabuz hustu zutela eraikina, hainbat leherketa ere entzun baitzituzten. Suhiltzaileek 3:30ean lortu zuten sua itzaltzea, eta 6:00ak arte egon ziren aireztatze lanak eta segurtasun konprobazioak egiten. Bi bizilagun erietxera eraman zituzten kea arnastu izanagatik, baina gauean bertan eman zieten alta. Hiru auto eta motor bat guztiz erre zituen suteak, eta laugarren auto batek kalteak izan zituen.
Etxebizitza horiek Etxegintzarenak babes ofizialeko alokairukoak dira, eta gazteei alokatzen dizkie. Suteak kalteak eragin ditu eraikineko sistema elektrikoan eta ur hodietan, horregatik, kalteak konpondu arte, udalak ostatua eskaini die 55 etxebizitzetako bizilagunei, nahiz eta asko kanpoan dauden, oporretan. Hiriko hainbat hotel eta aterpetxetan eman die ostatu, eta lauzpabost egunetan euren etxebizitzetara itzuli ahal izatea aurreikusten du udalak.