Garaipen sendoa lortu du Realak Montaubanen aurka
2-9ko markagailuarekin amaitu zen Montauban eta Realaren arteko norgehiagoka larunbatean. Hirugarren minutuan sartu zuen Claudia Fernandezek Realaren lehenengo gola Rontignonen (Paue), baina hurrengo jokaldian berdindu egin zuen etxeko taldeak. Gol hau, ordea, ameskeria izan zen frantsesentzat, hamargarren eta hamaseigarren minutuetan bi gol sartu baitzituen Barbara Latorre txuri-urdinak. Hala eta guztiz ere, Natalia Arroyoren jokalariak ez ziren hiru golekin konformatu, eta atsedenaldirako 1-7koa zegoen markagailuan.
Bigarren zatia berdinduagoa izan zen, Montaubanek gol bat eta Realak bi egin baitzituzten. Partiduaren ostean Natalia Arroyo entrenatzaileak adierazi zuen gogoak zituztela hainbeste hilabeteren ostean partida bat jokatzeko, eta jokalariak zoriondu zituen: “Izan nahi dugun taldea sentitzen hasi gara. Lan ona, neskak!”.
Astelehen honetan atsedena izango dute txuri-urdinek, eta asteartetik ostiralera 11:00etan entrenatuko dute Zubietan, nahiz eta asteazkenean sesio bikoitza egingo duten, 17:00etan beste entrenamendu bat egingo baitute.