Sinbolikoki bada ere, Donostia abordatu dute piratek
Pirata Setioan Donostia sinbolikoki abordatu dute piratek gaurkoan. 17:00etan bi suziri bota ditu Mattik Donostiako kaian, eta itsasontzi batean Kontxako badiara atera da. Atzetik, kofradietako kide batzuk piraguetan Donostia abordatzera atera behar zirenean, udaltzain batzuek debekatu egin diete, marrazo baten abisua zegoelako.
Itsasontziak bere bidea jarraitu du, baina piraguak atzetik ez zeudela konturatzerakoan kaira itzuli da. Azkenean, 17:30ean lau Guardia Zibilez osaturiko talde batek badiara ateratzeko baimena eman diete, ordu erdi bila ibili ostean ez baitute marrazorik ikusi.
Pandemia dela eta jai herrikoi gehienak debekatu dituzten garai hauetan piratek Donostia abordatzea lortu dute, sinbolikoki bada ere. Goizean haurrentzako emanaldia egin dute, eta arratsaldean bestelako ekitaldiak antolatu dituzte, JMartinaren kontzertua edo bertso saio musikatua, esaterako.