Koronabirus kasu berri bat atzeman dute Donostiako zahar etxe batean
Joan den uztailaren 3tik ez zen koronabirus kasu berririk atzematen Gipuzkoako zaharren egoitzetan, baina positibo berri bat atzeman dute gaur, Donostiako Hermano Garate egoitzan, hain zuzen. Kutsatutako egoiliarra asintomatikoa bada ere, Eibarko ospitalera eraman dute, han baitago Gipuzkoako zahar etxeetan atzematen diren kasu positiboak artatzeko gune berezia. Prebentzio moduan egindako PCR probetan atzeman dute positiboa, eta egoiliarraz gain, zahar etxe horretako bi langilek ere positibo eman dute. Gainontzeko egoiliarrei eta langileei ere probak egin dizkiete, baina negatiboak izan dira.
Kasu positiboa dela eta, zahar etxe horretako egoiliarren irteerak bertan behera utzi dituzte, hain justu Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar egoitzetako egoiliarren irteerak baimendu eta hurrengo egunean. Bestalde, egoitza horretako eguneko zentroa ere itxi egin dute.
Gipuzkoako zahar etxeetako beste langile batek ere positibo eman du, beraz, hamar dira dagoeneko lurraldeko egoitzetako langile kutsatuak, gaurko hiruak aintzat hartuta. Halaber, ez dute kasu berririk detektatu Gipuzkoako gizarteratze sarean.