Bertan behera utzi dute Grigory Sokolov piano jotzaileak Musika Hamabostaldian eskaini behar zuen kontzertua
Grigory Sokolov piano jotzaile eta musika klasikoaren maisua igande honetan, hilaren 16an, Donostiako Musika Hamabostaldian jotzekoa zen, baina kontzertua bertan behera utzi behar izan du. Izan ere, Italian duen etxebizitzan dago une honetan Sokolov, eta aste honetan bidaiatzeko asmoa bazuen ere, Italian gelditu behar izan du, Italiako Gobernuak hartutako erabaki berriak direla eta. Hain zuzen hainbat neurri ezarri dituzte, Espaniako Estatutik Italiara doazen herritarrekiko, hala nola, berrogeialdia bete behar izatea. Horregatik, Donostiako kontzertuaz gain, ostiralean, hilaren 14an, Santandergo Nazioarteko Jaialdian (Kantabria, Espania) eskaini behar zuena ere bertan behera utzi du errusiarrak.
Musika Hamabostaldiko Lagunek eta Sokoloven kontzertuko sarrerak Internet bidez erosi dituzten pertsonek euren kontu korronteetan jasoko dute ordaindutako dirua, modu automatikoan. Sarrerak leihatilan eskuratu dituztenek, aldiz, quincenamusical@donostia.eus helbidera idatzita edo 943-00 31 70 telefono zenbakira deituta eskatu beharko dute dirua itzultzeko.