Bizikletentzako 30 aparkaleku berri jarri dituzte Garibai kalean
Donostiak bizikletentzako 30 aparkaleku berri ditu joan den asteko ostiraletik, Garibai kalean. Udalak azaldu duenez, aparkalekuak finkoak dira, eta ibilgailu motordunentzako hiru plaza kendu dituzte, bizikletentzako plaza berriak jartzeko. Proiektua iaz gauzatzea aurreikusten zuen udalak, baina “hainbat arrazoi direla medio”, aurtengo udara arte atzeratu dira lanak. Udalak gogoratu du iaz aparkaleku finko berriak jarri zituztela Usandizaga kalean eta Kursaaleko ibilgailuentzako aparkalekuaren sarreraren parean.
“Neurri honekin, bizikletentzako aparkaleku sarea handitu egiten da eskaria handiagoa den lekuetan”, azaldu du udalak. Era berean, nabarmendu du helburua leku berriak aztertzen jarraitzea eta sare hori indartzen jarraitzea dela, “bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzeko”. Hain zuzen, erabiltzaileen eskaeren aurrean, uda hasieran bizikletentzako aldi baterako 198 aparkaleku jarri zituen udalak hiriko hainbat puntutan.