Gipuzkoa Basketek 2020/2021 denboraldirako talde berritua aurkeztu du
Hainbat aurpegi berriko taldea aurkeztu du Gipuzkoa Basketek 2020/2021 denboraldirako. Hamabi jokalarietatik, zortzi dira taldera iritsi berri direnak. Xabi Oroz, Jhonny Dee, Mikel Motos eta Julen Olaizola dira joan den denboralditik taldean geratu diren jokalariak, eta Gipuzkoa Basketek beste zortzi jokalari ekarri ditu lehen mailan mantendu ahal izateko.
Jan Span (Eslovenia, 1992) basea, Lucas Faggiano (Argentina, 1989) basea, Pere Tomas (Mallorca, 1989) hegalaria, Brandone Francis (Errepublika Dominikarra, 1995) eskolta, Dino Radoncic (Montenegro, 1999) hegalaria, William Magarity (Suedia, 1993) pibot-hegalaria, Jaime Echenique (Kolonbia, 1997) pibota eta Viny Okouo (Kongo, 1997) pibota dira talde donostiarrak egin dituen fitxaketak. Bestalde, staff teknikoak berdina izaten jarraituko du, entrenatzaileetatik fisioterapeutetara.
Gipuzkoa Basket Bartzelonako auzitegi baten epaiari esker igo da lehen mailara, koronabirusak liga geldiarazi ostean bigarren mailan bigarren geratuta. 2020/2021 denboraldiko liga irailaren 18an hasiko da.